GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Ixabel Etxeberria | Irakaslea

Eskuin muturra azkartzen ari da

 

Inkesta batek alderdi politiko guztiak astindu ditu aste honetan. Horren arabera, Fronte Nazionalak, eskuin muturreko alderdiak, beste alderdi nagusi guztiak gaindituko lituzke heldu diren hauteskundeetan. Hain lasai eta ongi instalatuak diren politikari askorentzat kezka zabaldu da, gaia tertulia guztietan aipatu da. Herritarrak erakutsi dituzte erraten eskuina saiatu ondoren, ezkerrari aukera eman ziotela, eta ez batek ez besteak ez zutela deus egin, eta ondorioz eskuin muturrari aukera emanen diotela. Debate politikoa ez baita askoz urrunago joaten, alegia sistemaren kritikaraino. Jendea galdua da, ondorioz aukera denez, inoiz aginteraino heldu ez den alderdiari aukera eman behar zaiola. Eskuin muturrak Europan inoiz aginterik izan ez balu!

Esperantza handirik ez zen piztu Hollandek irabazi zuelarik, Mitterrandekin ilusio nagusiak airatu izan ziren jada. Baina, hain egoera larriraino heltzea ez zen espero. Izan ere, zerga kopurua sekula baino altuagoa izatera heldu da, zergak ordaintzen dituzten herritarren kopurua oso handia da, prezioak igotzen ari direlarik, bereziki erregaiena, herritar asko baliabiderik gabe gelditzen ari dira, hilabeteko sariak ez baitira igotzen ari. Horrez gain, zergak ez dira igotzen laguntza sozialak indartzeko, zerbitzu publikoak segurtatzeko, zergak igotzen dira zorren ordaintzeko. Zorra ez dute herritarrek sortu, laguntza sozialak txikitzen joan baitira aspalditik, zorra igo da banku eta interes pribatuen arteko kalkuluengatik, estatuen gainean utziz hori dena konpontzeko ardura.

Herritarrek ez zuten ezkerrarengandik politika hain gogorrik espero, eta asko ez dira bozkatzera joanen eta besteek eskuineko muturraren hautua eginen dute. Elite politikoaren porrota itzela. Gaur egungo antolaketa politikoak ez du krediturik herritarren iritzian. Haatik, politikariek kezka handiagoa erakusten dute galduko duten aulki kopuruaren aurrean, gizartean hedatzen ari den larritasunaren aurrean baino.

Orduan, eskola laikoaren gaia ekartzen dute debatera. Estatua batzen duen tresna baita. Herri guztietan XX. mendearen hastapenetik maisua izan da frantses errepublikaren ordezkaria. Herri guztietan errepublika zatiezina, hizkuntza bakarraren aldeko irakaskuntza, estatuaren funtsa izan dira. Horrela, ministro berriak erreforma plazaratzen du, aldi honetan eskolako erritmoen gainean. Alegia bost eguneko lan egunak, eguneroko lan oren kopurua txikituz. Hau estatuko herriko etxe guztietan eztabaidatu behar da, horren antolaketa tokikoa izan behar baita, finantzaketaren aldetik ere bai. Erreforma martxan jarri beharko da datorren urteko irailean. Kezka handia hedatu da eskolako orduetatik landa antolatu beharko diren aisialdi denborarentzat herriko etxe askotan dirurik ez baita, estatuak diru gutxiago banatzen duelako. Arrisku handia da haurrak ekintzarik gabe gelditzea eskola bukatu eta gero, orain baino goizago bukatuko dutelarik. Hots, anbizioarekin pentsatutako erreforma dugu aurrean, baina dirurik gabekoa kasu askorentzat.

Ale, aste honetan fracking-aren kontrako legea bozkatu dute sozialistek. Positiboa da. Zaila baita baikorra den zerbait aurkitzea gobernuak egiten dituen gauzen artean!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo