Eskalada | Krimea
Ekaitz Maiz eta Antton Zabala mundu mailako lehia batean
Euskal Mendizale Federazioko ordezkariak Munduko Alpinismo Txapelketan (Krimea, Ukraina) izan berri dira. Harkaitzean lehiatu dira, eta, araudia zein estiloa arras ezberdina izan bada ere, hamalau taldetatik bederatzigarrenak sailkatu dira. Asko ikasi dutela diote.
Andoni ARABAOLAZA
Apirilaren 6a. Ekaitz Maizek eta Antton Zabalak Espainiako Rallyen Kopako bigarren proba irabazi zuten. «Terradetseko 12 orduak» izeneko lehia zen, eta euskal sokada aise gailendu zen. Hitzordu berezia izan zen; izan ere, antolatzaileek Errusiako Alpinismoko Federazioko lehiakide batzuk gonbidatu zituzten. Errusiarrak ondo lehiatu ziren, eta bigarren sailkatu ziren. Euskal eskalatzaileek, gainera, sari bikoitza eraman zuten. Batetik, irabazleek jasotzen duten ohiko saria. Eta, bestetik, errusiar federazioaren gonbidapen berezi bat: Mountaineering World Championship-erako txartela.
Eskalatzaileok GARAri azaldu diotenez, gonbidapen horrek ezustean harrapatu zituen: «Hainbat kontu direla medio, Terradetseko proban hartu genuen parte. Ez zen gure asmoa; izan ere, gu eskaladako beste tradizio batekoak gara. Alabaina, ondo moldatu ginen, eta, gainera, irabazi egin genuen. Espainiako Rallyen Kopa zenez, hurrengo bi hitzorduetan parte hartzea erabaki genuen. Ifachecoan bigarren izan ginen eta Riglosekoan, lehenak. Lehen hitzorduan, Leivakoan, ez ginen izan. Puntu guztiak batu ondoren, Espainiako Koparen lehen edizioa eskuratu genuen. Pozik ginen, baina, jakin bagenekien rallyek ez gaituztela harrapatu. Uda aldean, berriz, errusiar federazioaren gonbidapena jaso genuen. A ze ezustekoa!».
Bitartean, protagonistok beren eskalada erronketan jarraitu zuten. Iraila ere iritsi zen, eta aipatu dugun txapelketa jokatu baino hiru egun lehenago Krimeara (Ukraina) abiatu ziren. Beraiekin batera, Anna Bonet eta Fiona Pujol katalanak. Mountaineering World Championship? Baina, zer ote da hori? Horixe galdetu zioten beren buruari euskal eskalatzaileek. Han eta hemen informazio bila aritu ziren, baina, aitortu digutenez, ez zuten ezer garbirik atera: «Txapelketaren nondik norakoen inguruan ez genekien ezer. Eta aitortu behar dugu ezusteko ederra hartu dugula. Han, kirol eskalada eta alpinismoa bi federazio ezberdinetan banatuta daude. Eskalada tradizionala, hots, ekipatu gabeko bideetan eta artifizialean egiten dena, alpinismoaren barruan sartuta dago. Eta, hain zuzen ere, espezialitate horretan egiten diren lehiak alpinismoko federazioak bere baitan hartzen ditu. Hori bai, gu ohituta gauden arauekin ez daukate antzik. Izotza eta elurra ez duzu ukitzen (txapelketa horiek batez ere Pamirreko mendilerroan egiten dira), den-dena arrokan da, baina, esan bezala, hango alpinismoaren adar bat da. Hitz gutxitan esanda, Munduko Alpinismo Txapelketa da, baina arrokan».
Krimeara iritsi bezain laster, Maiz eta Zabala zur eta lur geratu ziren han ikusitakoarekin: «Harrigarria da oso ingurua. Itsaso Beltza han dago, eta haren gainean, itsasertzetik gertu, kilometro askoko harkaitzezko murruak. Beste era batera esanda, Etxauri bezalako eskola bat, baina askoz ere erraldoiagoa. Bide asko zabalduta daude, baina zabaltzeke daudenak ia ezin dira zenbatu».
Lerrootako protagonistok aipatu duten bezala, kilometro askoko paradisu horretan, gainera, eskalada tradizionala nagusi da. Horrekin esan nahi da orain arte zabaldu dituzten bide gehienetan ia ez dagoela ez paraboltik, ez eta iltzerik ere: «Bide gehienak garbi daudenez, hango eskalatzaileek fifa izeneko gailu batzuekin eskalatzen dute. Badirudi dry-toolinga egiten ari direla. Beste eskalada kultura bat da. Adibide bat jartzeagatik, babesteko-edo, 30 metroko luze batean soilik hiru jakor edo aingura txiki jartzen dituzte. Zentzu onean erotuta daudela esaten genuen».
Top 10ean
Ingurumari honetako rallyetako probak ez bezala, hango txapelketa, 12 ordukoa izan ordez, hamar egunekoa izan zen: irailaren 29an hasi eta urriaren 8an bukatu zen. Jakina, tartean atseden egunak. Maizek eta Zabalak Euskal Mendizale Federazioaren izenean, hots, euskal selekzioko kide gisa hartu zuten parte. Beraiekin batera, beste 8 herrialdetako 13 sokadak. Ukrainak zein Errusiak hiruna talde aurkeztu zituzten. Kazakhastan, Moldavia, Lituania, Bulgaria, Bielorrusia eta Letoniak, aldiz, talde bana. Hori mutiletan. Nesketan, berriz, herrialde gutxiago; tartean, Katalunia.
Hango paretak ia ukitu gabe, Maiz eta Zabala buru-belarri sartu ziren txapelketan. Beraz, bide haietara egokitu gabe martxan jarri ziren. Lehiaren inguruan ezer jakin ez, eta haien araudia ia ez zuten ulertzen. Lehen proba «krono-eskola» izenekoa izan zen. Euskal selekzioko ordezkariek haren inguruan hitz bi egin digute: «Pareta txiki batean bi luzeko bide bat eskalatu behar zen. Bi artesi ziren, eta friend zein fisureroekin segurtatu behar genuen. Horretaz gain, antolatzaileek, segurtasun neurri bezala, hainbat parabolt jarri zituzten. Marra hori igotzeko, denbora bat jarri zuten. Eroriko bat izanez gero, segundo batzuetako zigorra jasotzen zen. Nolabaiteko ebaluazio proba bat zen, hurrengo egunetako hitzorduetan nola ibiliko ginen nolabait jakiteko».
Eta hasteko, Maizek eta Zabalak zur eta lur utzi zituzten guztiak; izan ere, faborito askoren aurretik sailkatu ziren. Hain zuzen, bigarrenak izan ziren. Ondorengo lau egunetan, berriz, formatua aldatu zen. Sokada bakoitzak bide bana aukeratu behar zuen. Euskaldunek Morcheka izeneko paretakoak aukeratu zituzten; hots, gogorrenak eta puntu gehien ematen zituztenak. Bide guztietan artifizialean eskalatu behar ziren: «Arrokaren ezaugarriak bereziak dira oso, eta bide haiek babesteko tresneria berezia erabiltzen dute. Guk ez genuen, eta, gainera, hotz handia zen eta elur pixka bat bota zuen. Bi bide ez genituen bukatu, eta ezin izan genuen punturik eskuratu. Azken eguneko bidean («Brov», 6b eta A2-ko 6 luze), berriz, lan ederra egin genuen. Azkenean, sailkapen orokorrean, 9.ak sailkatu ginen. Oro har, esan dezakegu asko ikasi dugula. Beste eskalada tradizio edo kultura bat da, eta etika ere ezberdina. Baina, hala ere, aitor dezakegu bizitako esperientzia aberasgarria izan dela oso. Aukera badugu itzuliko gara».
Ekaitz Maiz eta Antton Zabala eskalatzaileak Munduko Alpinismo Txapelketan izan berri dira.
Nahiz eta hango araudiarekin ohituta ez egon, euskal selekzioko ordezkariak 9. postuan sailkatu dira