Taulen osagai nagusia aldatzear: Biodegradagarria den «foam» batek poliuretanozkoa ordezka lezake
2005. urtean Clark Foam enpresak ateak itxi zituen, 40 urtetan zehar munduko surf taulen osagai nagusia den «foam» apar zuriaren ia erabateko monopolioa izan ostean. Orain, osagai biologikoekin egindako produktu berri bat aurkeztu dute Herbehereetan.
Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
2005. urtean Clark Foam enpresa itxi zenetik taulen osagai nagusia den poliuretanozko apar zuria egiteko ehunka tailer txiki sortu dira munduan zehar. Produktu kimikoekin lan egiteko zailtasunak urriagoak diren herrialdeetan indar hartu zuen surfaren industriak, Txinan kasu, baina orain artean ez da kutsagarria ez den ordezko osagai egokirik aurkeztu.
Berriki, ordea, %100 biodegradagarria den produktu bat aurkeztu dute Herbehereetan. Arrakasta izango al du foam berri honek? Pozgarria litzateke bere garaian Clark Foam enpresa kutsagarriak izan zuen arrakastaren erdia izatea lortuko balu.
Aurrerantzean surf taulek oinarrian duten apar zuri edo kortxo modukoa, foam deitzen zaiona alegia, biodegradagarria izan daiteke; izan ere, BIOM izeneko marka batek foam ekologikoa aurkeztu du. Biltegi nagusia Herbehereetan dago eta datorren urtean (2014an) produktua ekoizten hasteko asmoa erakutsi dute. 2015erako AEBetan produktua zabaltzeko asmoa ere azaldu dute.
Herbehereetan dago lantegi eta biltegi nagusia eta ekoizpena 2014. urtean hasteko asmoa dute. Aurrerago, urte amaierarako, AEBetan ere ekoizten hasteko plan bat ere badute. Gainera, BIOM markak, surf taulak ez ezik, beste modalitate edo kirol batzuetarako taulak egiteko ere balioko du.
Rob Falken produktuaren sortzailea da eta honela mintzo da produktuaren aurkezpenean: «1950. urtetik taulak egiteko kortxo basea petrolioaren eratorriekin egin izan da. Gogor lan egin dugu ordezko alternatiba egoki bat sortzeko, orain arteko materialak izan ditzakeen onura berberak izango dituena taula egileentzat eta surflarientzat. Alegia, ezaugarri berberak izan arren, ingurumenari kalterik egingo ez dion produktu on bat egin nahi izan dugu».
Tecniq eta Synbra markak elkartu dira aparrezko teknologia garatzeko eta BIOM izenaz bataiatu dute. Produktu berriak duen osagai nagusia azukre-kanaberaren biomasa da, prozesuan zehar polimerizatu egiten da eta aparra kortxo zurrun bihurtzen da.
Rob Falkenek, produktu berriak ekar ditzakeen onurak ere nabarmentzen ditu: «Nire iritziz, interesgarriena zera da, aparra edo kortxoa osatzeko erabiltzen den baliabide nagusia guztiz berriztagarria dela. Lehen erabiltzen ziren substantzia kimiko arriskutsuak ez dira erabiltzen. Eta honek zera esan nahi, taula egileentzat ere lanerako produktu egokia dela, ez baita toxikoa».
Taulak egiteko apar zuri edo foamak izan duen ibilbidean pertsona garrantzitsurik izan bada, hori dudarik gabe Gordon Clark da, Clark Foam enpresaren jabea eta oinarrizko osagai honen sortzaile eta ekoizle nagusia.
40 urtetan, 2005ra arte, munduko surf taula gehienak Clark Foam markarekin egiten ziren; beraz, ia areriorik gabe, produktu zuri honen monopolioa izan zuen Gordonek, talde ekologisten presioaren zein Gobernuak ezarritako isunen ondorioz, lantegia ixtea erabaki zuen arte.
Clark Foam lantokiaren itxierak ikaragarrizko eragina izan zuen surfaren industrian. Mundu osoan egiten ziren taula gehienek marka honetako foam kortxoa erabiltzen zuten. Munduko surf taulen %80 poliuretanoz eginiko Clark Foam aparrezkoak ziren.
Lantegi honetan urtero 400.000 foam egiten ziren, 1.500 foam egunean, eta honek urtean 20 milioi dolarreko irabaziak ematen zituen. 40 urtetan beste inork ez zuen bere produktuaren kalitatea gainditzea lortu; beraz, produktuaren monopolio osoa zeukala esan daiteke; izan ere, gainerako foam egileen artean gehien saltzen zuen enpresak, esate baterako, egunean gehienez 400 foam egiten zituen.
Taula bat egiteko hiru dira oinarrizko osagaiak: foam edo aparrezko kortxoa, beira-zuntza eta poliesterra. Foamari ematen zaio egin nahi den taularen forma eta lan hau egiten duenari shaper deitzen zaio; alegia, moldatzaile. Jarraian, zurruntasuna emateko beira-zuntza erabiltzen da, poliesterrarekin nahastuta, txalupak egiteko bezala, eta bigarren pauso honen ostean, taula gogortzea lortzen da.
Clark Foam markak halako arrakasta izatearen arrazoi bakarra ez da foamaren kalitatea, enpresa honek egiten zuen eskaintza zabala ere kontuan hartzekoa da. Tamaina, malgutasun eta bihurdura anitzetako katalogo zabala egitea lortu zuen enpresaren jabeak. Izan ere, nagusia, Grubby Clark ingeniari eta surflari gisa esperientzia handiko gizona da.
Poliuretanozko aparra egiten hasi zen momentutik bertatik egin zen ezaguna, eta taula egileek «urre zuria» deitzen zioten hark egindako aparrari.
Clark Foam itxi zenetik ez da ordezko indartsurik izan. Saiakera asko egin dira eta enpresa txiki anitz ireki da, baina inork ez du Clark Foamek izan zuen arrakastaren parekorik lortu. Kaliforniak erdigune izateari utzi eta lehen inoiz surf munduarekin harremanik izan ez zuten herrialdeetara zabaldu zen surfaren industria.
Orain ordezko biologiko bat aurkeztu berri da, baina oraindik ikusteko dago zer nolako arrakasta izango duen. Bitartean, poliuretanozko «urre zuria» egiteko formula Gordon Clarkek bakarrik ezagutzen du.