GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe EGIA

Suertatu balitz bezala

Nire posta elektroniko kontuan sartuta nagoenean, tarteka publizitateak erasotzen dit. Dela moda webgune bat, dela bikotekide perfektua aurkitzeko beste bat, badakizue, osagarriak eta osagarriak. Azkenaldian, baina, ondoko hau dioen bat nagusitzen ari zait: «Espainian, hiru minututik behin, haur bat pobrezian erortzen da».

Jakina, mezua ez da soilik sentsibilizazio soziala areagotzeko, jangela-programa bateko kide egin zaitezen baizik, baina aizue, bada aurrerapauso bat gauzak eta gauzak edo aurpegi eder eta faltsu baino faltsuagoak irentsi behar izateari uzteko. Ez dakit noiztik ere kontu bera dudala eta agian publizitate-zaborrik helaraziko ez didan batera ospa egin beharko nuke, baina aipatu iragarkiko esaldiak arreta deitu dit. Izan ere, amorrua eragiten dit zenbait gauza esateko moduak, kasu honetan «pobrezian erortzen dira», hain zuzen. Egun euritsu batean kaletik korrika eta presaka zoazenean eta oinetako ziztrinei esker labaindu eta muturra zoruari itsatsita geratzen zaizunean bezala. Alegia, istripuz, ustekabean. Pobrezian baina, erori egiten gara? Ez al da zilegiago esatea ziurrenik pobre samar jaio eta gero are pobreago bihurtzen gaituztela? Edo duela oso gutxira arte pobretasunetik hurbil egon dena orain pobrezia bete-betera eraman dutela?

Ematen du, horrela esanda, inork ez duela gertatzen direnen gaineko erantzukizunik, zorte txar hutsa dela halako egoeran topatzea zure burua. Ematen du horren atzean ez daudela arrazoiak, ezta erabakiak ere, eta horiek defendatzen dituzten subjektuak. Finean, suertatu egin dela dirudi, zure azpian bat-batean zulo bat ireki eta bertara erori beste erremediorik egon ez balitz bezala. Amorrua eragiten dit pertsonoi eragiten diguten gauzak horrela ematen dituztenean aditzera, gure jendartea zuzentzen duten gobernuek -horien agintari diren pertsonek- zerikusirik ez balute bezala. Are gehiago gobernu horietako pertsonak, kaleko herritarroi zer ekarriko digun piperrik axola ez zaiela, gogoak ematen diena egiten ari direnean, arlo guztietan.

Espainian, hiru minututik behin haur bat pobre bihurtzeaz gain -ziurrenik haien gurasoak langabezian gelditu direlako, gizarte-laguntzak kendu dizkietelako, adinekoren bat euren kargu dutelako...-, haur horien (eta gureen) hezkuntza mugatu eta estuago bihurtuko duen lege bat onartu berri dute, adibidez, kalitateari muzin eginda lehengo Espainiako hezkuntza-sistemara gerturatuta; Espainian, gobernariei eta hauek ordezkatzen duten jendarteko zati handi bati, bost axola zaie, besteak beste, ahotan hainbeste izan ohi duten bizikidetza, gizon-emakumeona, hizkuntzena, bizimoduena, guztietan eredu bat eta bakarra bilatzen dutelako, Espainia leheneratzea dutelako amets, hain zuzen, eta, eginbehar horretan, hazia txikienengan jarri nahi dutelako. Baina horretarako, eta beste askorako, hartzen ari diren erabakiak ez dituzte hain gordin aurkeztuko, beraz, beste guztion gainetik, sudur puntan jartzen zaiena egiten jarraituko dute. Gu tontotzat hartuta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo