Lareoko urtegian topatu dute Ataunen desagertutako gizonaren gorpua
GARA | DONOSTIA
Larunbat arratsaldean Ataunen desagertu zen 62 urteko gizonaren gorpua atzo goizean aurkitu zuen Ertzaintzak, Lareoko urtegitik gertu, Lakuako Segurtasun Sailak jakitera eman zuenez. Iturri berberen arabera, hildakoa Lazkaoko bizilaguna zen.
Haren familiak salaketa jarri zuen larunbat arratsaldean. Ertzaintzari ohartarazi zioten 62 urteko gizona mendian galdu zela, Lareoko urtegiaren inguruan, Ataungo udalerriaren eremuan.
Informazio osoa bildutakoan, Lakuako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak bilaketa lanak hasi zituen. Ertzaintzaren baliabide ezberdinek hartu zuten parte: mendiko erreskateetan adituak diren agenteak, txakurrak, helikoptero bat eta DYA eta Gurutze Gorriko boluntarioak.
Atzo goizaldean bilaketa lanak berrabiarazita, 10.15ean topatu zuten gizonaren gorpua.