GARA > Idatzia > Kultura

BERTSOLARI TXAPELKETA NAGUSIA

Bakarkakoarekin lehertu zuen Beñat Gaztelumendik Altsasuko saioa

Kartzelako lanarekin biribildu zuen Beñat Gaztelumendik atzo arratsaldeko saioa. Deskribapenen maisu dela erakutsi zuen Altsasun.

p048_f01.jpg

Ane ARRUTI

825 bertsozale bildu ziren atzo Altsasuko Burunda pilotalekuan ospatutako Bertsolari Txapelketa Nagusiko laugarren kanporaketan, sarrerak bukatuta, gehiago kabitu ezin. Ariketa guztietan puntuak pilatu eta pilatu joan zen hasieratik Beñat Gaztelumendi. Lehertu gabe, ale solteak utziz, detaileak, eta kartzelako lanean eman zuen bere onena, hasi eta bukatu, hiru bertso eder osatuz. «Gaia ateratzen duzun bakoitzean, gaiz aldatzen du», izan zuten kartzelako gaia. Bikotekideari kantatu zion añorgarrak. Zerbait pasatzen zitzaiola sumatu zion lehenengoan, «ezer pasa ez balitz gisan halaxe du gaiz aldatu/ baina zergatik ezin dit begitara begiratu». Bigarrengoan pauso bat aurrerago egin zuen: «Ezagutu ginenean zenbat mimo zenbat kasu/ goizero jeikitzen ginen elkarrekin irrifartsu/ egunak enpalagoso maite zaitut maite nauzu/ baina urruntzen hasiak ote gera pausuz pausu/ gaur dena azaleko gai ta elkarrizketa antzu/ bai badakit zeozerek egin dizu enbarazu/ zer duzun galdetu eta mutu geratu zara zu/ ez didazu ezer esan ta dena esan didazu». Zalantzak zituela aitortu zion bikotekideak hirugarrenean eta bikain erantzun zion Beñatek: «Behar den denbora dena lasai hartzazu maitea/ zor didazun bakarra da zoriontsu izatea».
Gaztelumendiren kartzelako lana txapelketako orain arteko puntuatuena izan da, 154 puntu eskuratu zituen. Hamarreko txikian ere ongi aritu zen, bekarik gabe gelditu zen ikaslearen paperean, Silveira irakasleari hitzak baino zerbait gehiago eskatuz.
Orokorrean denek egin zuten gora kartzelako lanean. Jexux Mari Irazuk ere lan ederra egin zuen, 152 puntu bildu zituen larrauldarrak, bakarrik bizi ezin zuen amari kantuan. «Ama lehen bixi-bixi/ zahartu dala notizi/ adin haundira iritsi/ ama etorri nere etxera, motel txoratu al haiz hi/ larogeitamar urte beteta ezin du bakarrik bizi», bukatu zuen lehenengoa. Puntu erantzunean ere, ohi duen bizkortasunarekin aritu zen. «Bankuek jaso dute laguntza handia»-ri honela erantzun zion: «beraiei emateko bada ausardia/ guretzako ezer ez edo horren erdia/ pentsatzen jarri eta iruzur garbia».
Azken sailkapenean horrela gelditu ziren, hurrenez hurren: Beñat Gaztelumendik 695,5 puntu, Jexux Mari Irazuk 666,5, Xabier Silveirak 652,5, Unai Agirrek 650,5, Erika Lagomak 622,5 eta Oihane Pereak 602. Gauzak honela eta bi kanporaketaren faltan, euren saioan lehenengo postua eskuratu dutenez gain, matematikoki sailkatuta daude finalaurrekoetarako Jone Uria eta Jexux Mari Irazu.

Denek zerbait utziz
Zortziko txikian elkarrizketa polita osatu zuten Silveira eta Lagoma lesakarrek. Bere ezkontzako bideoa egiteko eskatua zion Xabierrek Erikari eta entregatzean ikusi zuen bera ez zela kasik bideoan agertzen. «Hautsi ditut hainbeste lege eta arau/ joan ez naizen lekuak ere mila ta lau/ jendeak esango du inoiz bistan banau/ bere ezkontzara re etzen azaldu hau», kantatu zuen Silveirak bigarrena. «Ezkontzaz inoiz bainaiz aspertu samarrik/ hontan ez dut izango dibortzio beharrik», hirugarrena. «Baina zuk ere egin duzu gaur pekatu/ oraindik ez didazu soldata pagatu», esan zion lagunak.
Silveirak bertsoak ondo bukatzen asmatu zuen gehienean, azken-aurreko puntutik errematea prestatuz. Perearekin osatutako zortziko handiko ofizioan, supermerkatuko langileak ziren biak eta ama bat semearen arropa artean janaria ezkutatzen ikusi zuten. «Zer den ebatsi eta zer ez den ez dago zehazterikan/ ez dut ikusi jabeak guri egiten ez digunikan», bukatu zuen lehenengoa.  
Kartzelan bikotekideari kantatu zion Silveirak ere. Hirugarren bertsoa izan zen biribilena: «Ohe kidea denean gauero buruhaustea/ lo hartzea zein zaila den ohartu zaitez maitea/ nik esan nahi dizudana ez duzu nahi esatea/ baina zaila zait gezurra den muxua ematea/ bikote harreman hau hain zaila da eramatea/ ezinezkoa ixiltasun luze hoiek jasatea/ bakoitzak bere bidea har dezala ta pakea».
Unai Agirrek ere saio ederra josi zuen. Hamarreko txikian Lagoma maitaleari, azken eguna zutela esan zion. «Azken gaua omen da ta hartu dut pena/ azkena bada izan dadila onena», esan zion nafarrak. «Nahiz ta amodioak ez galdu indarra/ aspaldi sentitzen det aldatu beharra», azalpena. Agirrek.
Hernaniarra txukun eta itxuraz lasai aritu zen bai zortziko handian Gaztelumendirekin eta baita kartzelako lanean ere. Azken honetan semeari kantatu zion, bere gaitzaren berri emateko eskatuz, doinu berri batekin gainera. «Bainan hitzikan ez du atera jarri arren belauniko/ zerorri ere ni bezelaxe egun baten zera hilko/ gaztia zera eta ni berriz zaharra eta aspaldiko/ nahiz badakidan maite nauzula eta nazula begiko/ horrela ez det segiko/ jarri mahaiean hitz egin zazu heldutasunez ta tinko/ hemen ondona neronek dakit ez nintzan jaio betiko», bukatu zuen.
Lagomak ama hil ondoren etsita zegoen aitari kantatu zion kartzelakoan, eta Pereak gaur Madrilen hastekoa den makroepaiketara joan beharra daukan bikotekideari. «Inguruan daude berdeak inguruan daude beltzak/ inguruan lapurtu nahian gazteriaren ametsak/ gazte gara eta oraindik baditugu esperantzak/ zeozer egongo ote da zuretzat eta niretzat/ bi ume txiki baditugu lau pertsona ta bihotz bat/ herri librea izango al da gure seme-alabentzat», bukatu zuen.
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo