Martxel Toledo Garmendia | Oiartzun
Aiert Goenagari, esker onez
Kiroletako orrialdeetan «Munduan barrena» izenburuarekin ostegunean GARAk argitaratutako artikuluagatik nire esker ona eta zorion beroenak eman nahi dizkizut, pikardia eta umore pixka batekin, bi lerrotan ederki asko azaldu duzulako ofizialtasunaren bidean Euskal Herriko selekzioaren egungo errealitatea eta nora eza. Ondo diozun modura, aldarrikatzen eta amesten jarraitu beharko dugu, egungo errealitatea gainditu eta nazioartera gidatuko gaituen brujularen orratzak beste norabideren batean jarriko gaituen esperoan.
Bitartean, selekzio arrotz horien partidak ikusiz pasako dugu denbora, finean, ez baita asko falta abenduan batzuei Olentzerok eta beste batzuei Errege Magoak ia urtero ekartzen diguten opariaren eguna iristeko.
Aurten, Peru izango omen da, esan digute Federazioko agintariek, eta hurrengo urtean, zuk ongi diozun moduan auskalo. Baina ez du inporta, guztia ahaztu eta bufanda, gorroa, bokata eta zahatoa hartuta, 28an, inuzente eguna izanik agian inozente modura edo, San Mamesera joan behar gara, finean, lagunartekoa izan arren ez baitira gutxietsi behar, horiek ere, betiko fanatiko batzuen erruz, galtzeko zorian egon garelako.
Gainera, hilabete batzuk barru, Brasilen Munduko txapelketa jokatuko dute «gure mutilek», alegia Xabi Alonso, Javi Martinez, Pantxi Sirieix, Stephane Ruffier eta beste euskal herritar batzuek, eta ziurrenik disfrutatzeko aukera ere emango digute, besteak beste, zalantzarik gabe jokalari oso onak direlako. Eta bizitza honetan hori da garrantzitsuena, bestea, alegia, gure benetako selekzioaren ofizialtasuna utopia izateaz gain, «lunatiko» gutxi batzuen ilusio baino ez delako. Beraz, kasurik ez eta inuzente izan gabe, abenduaren 28an, guztiok San Mamesera, indar guztiekin I am Basque oihukatzera. Besteak beste, euskal selekzioaren etorkizuna dagoelako jokoan!