Herri harresien belaunaldia, gizarte bidezkoago baten berme
Atzo goizaldean polizia bortizkeriaren hamaikagarren kapitulua bizi izan zuen Iruñeak. Bortizkeria zahar baten azken kapitulua, oraingoz. Baina herri honetan zaharra den elkartasunaren beste kapitulu bat ere bai, elkartasun berritu eta azkartuaren azken erakustaldia.
Baiona, Gasteiz, Donostia, Ondarroa, eta asteburu honetan Iruñea, milaka lagunen konpromisoaren agertoki izan dira. Baina espainiar tribunalek lan politikoa egiteagatik zigortutakoak babesteko konpromisoa ez da lekukotasun hutsa. Zigortuak eraman izan dituzte, indarrez eraman ere, baina elkartasun hori eten beharrean, emendatuz joan da. Inor ez da kikildu. Herritar horiek, gero eta gehiagok, badakite konpromiso horrek arazoak, arrisku pertsonalak dituela, baina badakite, halaber, lagun baten eskubide urratuak gizarte osoaren aurkako erasoa direla, eta atzo goizaldean Nabarrerian gertatutakoa horren erakusgarri argia da. Han izan ziren lagun asko gorputz atalak ubelduta, Luis Goñi bere lagunartetik erauzi eta kartzelatu dutelako amorruz etxeratu ziren, baina harro egoteko aski arrazoi dutela.
Esan bezala, Euskal Herrian elkartasun mugimenduak ez dira berriak; aitzitik, tradizio direla esan liteke, eta garai honetan hainbat herritarrek jasaten duten eskubide zibil eta politikoen urraketaren tamainako elkartasun mugimendua beharrezkoa da, eta abian da, egunetik egunera handituta. Madrilgo Gobernuaren ordezkari Carmen Albaren arabera istilurik gabeko atxiloketa izan zenak erakutsi zuen helburu politikoa duen sufrimendua eragiten jarraitzeko asmoa dutela, eta kartzelatutako hainbat lagunen, haien senide eta hurkoen, herritar guztien sufrimendua nabarmena da, baina herri harresi gero eta sendoagoak kolokan jarri du dagoeneko errentagarritasun politiko hori.
Gizarte osoa pairatzen ari den eskubide zibil eta politikoen aurkako erasoa belaunaldi bat bereziki kolpatzen ari da. Belaunaldi horretakoak dira Nabarreria plazan jipoitu zituzten gazteak, herri harresien belaunaldikoak, eskubide zibilen aldeko konpromisoaren belaunaldikoak, hain zuzen. Herri harresiak belaunaldi oso bat markatzen ari baitira, eta horrelako jarrera eredugarria erakusten ari diren horiek gizarte bidezkoago baten berme dira.