GARA > Idatzia > Kirolak> Futbola

FRANTZIAKO KOPA

Genets eta Bokale hurrengo kanporaketa jokatzeko moduan dira

J.L.

Angeluko Genets eta Bokale izango dira Frantziako Kopako zazpigarren kanporaketan arituko diren euskal taldeak. Angeluarrena normaltasunaren barruan sar daiteke, baina ez Bokalerena, izan ere, oso maila apalean ari da jokatzen, talde erabat amateurrarekin, baina merezimendu osoarekin dago dagoen lekuan. Talde profesional baten aurka jokatzea da beraien ametsa, eta lehen aukeren artean, Genets dago.

Zuri-beltzek, gainera, erabateko nagusitasunarekin lortu zuten hurrengo kanporaketako txartela, 0-5 irabazi baitzuten Cazauxen zelaian. Dauga, Teixugueira, Galligazon eta Lestage izan ziren golegileak, azken honek bi egin zituen. Bokalen, Avironen ibilitako jokalari beterano batzuk ere badaude, Lestage edo Estrade esaterako, eta hauen lana bikaina ari da izaten, erabakigarriak dira.

Genetsek 2-0 irabazi zion Bergerac taldeari. Comets eta Daublain izan ziren golak lortu zituzten euskal jokalariak. Hori-berdeek lan egin behar izan zuten, baina beti beraiek eraman zuten kanporaketaren ardura, eta amaieran merezimendu osoarekin lortu zuten garaipena, baita zazpigarren kanporaketa jokatzeko txartela ere.

Bestelako zortea izan zuen Baionako Croises taldeak, ezin izan baitzuen hurrengo kanporaketako txartelik lortu. 2-3 galdu zuen Mont de Marsaneko Stade Montoisen aurka. Maila bat gorago dago Landetako taldea, baina ez zen gehiegi nabaritu, luzapenean lortu baitzuen hirugarren gola, eta horrekin lortu zuten hurrengo kanporaketa jokatzeko modua.

Croisesek ez zuen gaizki jokatu, baina izan zituen aukera guztietan ez zuen asmatu, eta ate aurrean finago ibili zen Mont de Marsaneko taldea, eta horrek balio izan zuen aurrera egiteko. Halere, Croisesek itxura bikaina eman zuen berriro ere, eta zaleak gustura etxeratu ziren. Bisauta eta Guerre izan ziren zuri-urdinen golegileak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo