GAZTE INDEPENDENTISTEN AURKAKO MAKROEPAIKETA
EH Bildu: «Berriro iraganeko mamuak, bake eta demokrazia nahien aurka»
GARA | DONOSTIA
«Gaur -atzoko egunari erreferentzia eginez-, berriro ere, iraganeko mamuek hartuko dute euskal gizartea, herritarren gehiengoaren bake eta demokrazia nahien aurka», adierazi zuten EH Bildu koalizioko hainbat kidek egin zuten prentsaurrekoan, atzo gazte independentisten aurka hasitako epaiketa dela-eta, eta ostegunean «Herriko tabernen auzia» bezala ezagutzen dena hasiko dela-eta.
Auzi horien harira, «zio eta helburu politiko argiak» dituztela salatu zuten koalizioko kideek, «dena ETA da» estrategiaren barruan kokatu zituelarik. Egoera horren aurrean, euskal herritarren eta erakundeen eskubide zibil eta politikoak «ukatuak» direla ohartarazi zuen, «bakearen eraikuntza eta normalizazio politikoa oztopatuz».
Duela bi urteko ETAren erabaki historikoak ireki zuen garai berriaren aurrean, ziklo berriarekin bat egin ordez, batzuek iraganeko jokabideetan «katramilatuta» jarraitzeko hautua egin dutela adierazi zuten, eta hortaz, Euskal Herria soilik euskal herritarrek eraikiko dutela gaineratu. «Eta ziur gaude lortuko dugula. Ez da erraza izango, gordina eta latza izaten ari den bezala hainbat euskal herritar bahituak izatea Espainiako kartzeletan», ohartarazi zuten koalizioko kideek. Egoera hau delarik ere, lanean jarraitzeko hautua egina dutela azaldu zuten, «pertsona guztien eskubideak errespetatuak eta bermatuak izan daitezen».
Herritar eta erakundeei eskaera zuzena egin zien koalizioak: makroepaiketa hauen aurka deitu diren eta deituko diren mobilizazio eta ekimenetan parte hartzeko.
Era berean, aste honetan zehar epaituak izango diren pertsona eta familiei elkartasun mezua helarazteko aprobetxatu zuten agerraldia.