Kronika | Marabilli Sormen festibala
Ondarroako Marabilli, herria eta sortzaileak hartu-emanean
Bigarren Marabilli sormen festibala bukatu berria da Ondarroan. Herriak eta bertaratutako orok artisten sormen lanak ezagutzeko parada izan dute, eta azken horiek, artistek, herri arrantzalearen izateko modua, Aitzol Aramaio zenaren lagunen bidez.
Anartz BILBAO
«Iaz oso emotiboa izan zen jaialdia. Aurten horrekin apurtu eta beste poztasun bat lortu dugu, betiere Aitzol gogoan izanda; behar genuen», adierazi digu antolatzaile taldeko Txomin L. Aramaiok, Marabilliren bigarren edizioko argiak itzali, mikrofonoak mututu eta gutxira. «Salto kualitatibo handi bat egin dugu, kanpoko taldeak izan dira gurean, eta gonbidatu guztiek oso pozik egin dute buelta izandako harrerarekin», gehitu du Kirmen Uribek.
Poeta jaialdiaren itxiera ekitaldian parte hartua zen, Mikel Urdangarin, Bingen Mendizabal eta Rafa Ruedarekin batera «Jainko txiki eta jostalari hura» sentikaria aurrenekoz jendaurrean agertuta, «Zaharregia, txikiegia agian» plazaratu eta hamar urtera -Mikel Valverde marrazkilariak ere parte hartzen du egitasmoan-. Aspaldiko lagunekin gehiago egoteko aitzakiatzat hartzen du lana Uribek, «adiskidetasuna sendotzekoa».
Emanaldia mukuru zen Bide Oneran gauzatu zuten, herrian «goiko zinea» deitzen duten horretan. Oholtza zabal eta estuan, atzean pantaila hurbil zutela, poeta ezkerrean eta musikariak eskuinean agertu eta kanta berriak eman zituzten, Uriberen testuetan oinarritu eta Rueda zein, batez ere, Urdangarinen ahotsetan. Kanten artean Joxean Lizarribarri eskainia da bat, «Tximis» katuari beste arinago bat. Eta adiskidetasunari gorazarre egiten dionik ere bada, Aitzol Aramaioren gomutan. «Heldutasuna nabari da testuetan», dio Uribek, «sormen une diferente bat, asko ikasi dugu-eta». Lan berriaren ezaugarriei tiraka, honakoan «umore dezente» dagoela aitortu digu. «Aparte, tradiziozko formak erabili ditugu, bertsoak eta koplak». Musikari dagokionez, orain dela hamar urteko lan akustikoarekin alderatuz, zertzelada elektrikoagoak aditzen ditugula begitandu zaigu, Mendizabalen eta Ruedaren tresna elektrikoek sortzen dituzten geruzei esker.
Emanaldiaren bukaeran atzera egin eta duela hamar urte lehen aldiz irakurri zuen toki berean irakurri zuen Uribek «Bisita» olerkia, jarduna «Zaharregia, txikiegia agian» kantarekin itxi baino lehen. Saioa esperimentutzat jo duen Ruedak, musikari bikaina izanda, aurretik lan eskerga dutela dio, «gutxi entseatu dugu eta nabaritzen da». Zaleari -ondarroarrak gehienak- ez zaio askorik inporta eta pozik da, batez ere primizian jaso dituelako kanta berriak. Aurrestreinaldiaren ostean, New Yorken egingo du debuta boskoteak, Bowery Arts & Science aretoan azaroaren 18an, Euskal Herriko bira urtarrilean abiatu aurretik. «Baina Marabilli itxi nahi izan dugu, guretzat jaialdi berezia delako eta guztiok ere Aitzolen lagunak ginelako», bukatu du Uribek.
«Jainko txiki eta jostalari hura» baino lehen, herriko artistei guztiz irekia den Marabillik Garazi Etxaburu dantzari gaztea aurkeztu digu, besaulkien artetik agertu eta oholtzarako bidea argitu duena, txori txiki baten gisara dantza arinean.
Etxaburu eta Uribe edo Chao eta Veneno, parte-hartze zabala izan da jaialdian. L. Aramaiorengana bueltatuta, «asko bete gaituena artista ezberdinen artean sortu den harremana izan da», kontatu digu antolatzaileak. «Marabilli Off antzeko batean, egitarautik kanpo sortu izan diren momentu txikiak oso politak izan dira. Artista herriarekin harremanetan jarri nahi dugu; eta lortu da bizitasun bat». Larunbat eguerdia, esaterako, apartekoa izan bide zen. «Bazkaria egiteko elkartu ginen Aitzolen familia, gurasoen kuadrilla, antolatzaile eta lagunok, 120 bat inguru. Eta gurekin bazkaldu zuten Taquikardia galiziar fanfarriak, Ramon Chaok eta Kikoren bandak ere».
Ondoren, eta gauerdia jota, Kiko Venenok, pintore buzoa jantzita, Musika Plazan jo zuen laukotean. Kasik bi orduko emanaldia eskuak igurtzen eta atzamarrei putz eta putz eman zuen musikariak, hotz zela-eta. Baina irribarre zabala ahoan zuela, «¡bonito con cebolla!» ere oihukatu zuen, behin baino gehiagotan. Gozoa zegoen, «kontizu!».