Ijitoen memoria historikoa berreskuratzeko filma aurkeztuko dute gaur Antzoki Zaharrean
Agifugi Gipuzkoako ijitoen elkarteak frankismo garaian jasandako gehiegikerien berri eman nahi du gaur aurkeztuko duten «Ijito oroimena. Gerra Zibila eta diktadura Euskal Herrian» filmarekin.
N.B. | DONOSTIA
Agifugi Gipuzkoaren Etorkizuneko Ijito Elkarteak ijitoen memoria historikoa berreskuratzeko intentzioarekin sortutako dokumentala aurkeztuko du gaur arratsaldean, 19.00etan, Donostiako Antzoki Zaharrean.
1936ko gerrak eta frankismoak kalte ugari ekarri zituen Euskal Herrira, eta iragan beltz hura atzean geratu zenetik gizartea etengabe aritu da testigantzak pilatzen eta ezagutzera ematen. Hala ere, elkartearen aburuz, euskal ijito herriaren ordezkaritza ez da behar bezala jorratu eta horretarako sortu dute dokumental hau, ijitoek ere gerraren mina jasan zutelako. Garaiko kontakizun batzuk protagonista zuzenen ahotsetan entzungo ditugu, beste batzuk, ordea, oinordekoek kontatuko dizkigute.
«Ijito oroimena. Gerra Zibila eta diktadura Euskal Herrian» filma Jesus Maria Palaciosek zuzendu du David Martin Sanchezen gidoiari jarraituz. Iraganeko hitz eta irudiak egungo testigantzekin nahastuz lortutako lerro argumentalari jarraitzen dio.
Ijito herria ezagutzera ematen
Agifugi elkartea ijitoek euren kolektiboa babesteko eta ordezkatzeko sentitzen duten beharretik sortu zen 2002. urtean Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin. Ordutik aldizka ekintzak prestatzen dituzte, herriaren irrikak, iritziak eta beharrak jaso eta erantzun bat ematen saiatzeko ekintzak.
Gaur ikusi ahalko dugun dokumentalarekin euskaldun guztien memoriaren parte den une bat ijitoen ikuspuntutik ezagutuko badugu, hezkuntza arloan ere ari dira lanean, haurrekin, integrazioa eta ezagutza txikien artean errazagoa izan dadin. Horretarako, «Miguel eta Nekane. Ijitoen Herria Historian» komiki saila sortu zuten. Jada bi ale kaleratu dituzte kontatzen diren istorioen inguruko unitate didaktikoekin batera. Horiek guztiak www.agifugi.org webgunean deskargatu daitezke dohainik, baita irakasleek eskoletan komikia lantzeko gidak eta ikasleentzako ariketa-liburuxka ere.