Garaion Naturarteak barruan galtzeko moduko artelana egin du Ozetan
GARA | DONOSTIA
Garaion Naturartea elkarteak «ArtoArtean» haurrentzako labirintu jostagarria prestatu du artasoro baten erdian. Elkarte honek gaztetxoekin artelanak egin ohi ditu naturak eskaintzen digunaz baliatuz, eta oraingo honetan artelan horri bigarren funtzio bat eman nahi izan diote: dibertitzea eta norberaren irudimena garatzea.
Horretarako, artasoro batean aritzeko baimena eskatu eta sagar itxurako marrazki bat egin zuten bideak ereiten, GPS baten laguntzaz (60 x 40 metroko tamaina du labirintuak goitik begiratuta). Parte hartzen duten haurrek sagar erraldoi horretan bizi den harra aurkitu behar dute eta ondoren nahi duten jolasa asmatu: harrapaketan, harra ezkutatu eta berriro aurkitzea, soinuak eginez beste norbait gidatzea...
Arabako Ozeta herriko Otaza auzoan dago kokatuta arto zelaia. Aste hau artasoroan «galtzeko» azken aukera izan daiteke, lehen izozteekin batera arto landareak moztu egingo baitituzte, baita, horrekin batera, labirintua ere. Parte hartzeko izena eman behar da 945 06 32 45 telefonora deituta.