Oskorrik eta bilbotarrek Arestiren urtebetetzea ospatu zuten atzo
Galaz jantzi zen atzo Bidebarrieta liburutegia Gabriel Aresti poeta bilbotarraren 80. urtebetetzeari zegokion ospakizuna hartzeko: bertan taularatu ziren Oskorriko bere lagun minak, «Gabriel Aresti bizsitan» diskoa interpretatzeko, poetaren familia zein lagunen aurrean.
Alvaro HILARIO | BILBO
Batek daki, ahal izatekotan, bere urtebetetzea ospatzeko Bidebarrieta udal liburutegia baino hainbatetan bisitatu zuen Barakaldoko Centro Galegoa hobetsiko zukeen Gabriel Arestik. Hala ere, Oskorriko bere lagun minek ondo baino hobeto jakin izan zuten hain «serioa» den lekua beren musikaz eta Arestiren hitzez alaitzen: izan ere, otsailaren 22an Tolosako Leidor antzokian estreinatu zuten «Gabriel Aresti bizsitan» disko eta ikuskizuna ekarri zuten Bilbora.
Aulki gutxi batzuk baino ez ziren libre geratu, entzuleen artean Gabrielen alarguna, Ameli Esteban, alaba Guria eta hainbat lagun bertan zeudelarik.
Poeta bilbotarra omentzeko ez ezik, urrian zehar garatuko den Bilbao Poesia ekimenari hasiera emateko ere balio izan zuen Oskorriren omenaldiak.
Argiak amatatutakoan, aterki, gabardina eta bufandez goxo-goxo gordeta azaldu zen boskotea erdiko pasilloan. Behin agertokian, eroso ipini ziren «Agur jaunak» xelebre bat egiteko; haren ostean, Arestik ez zuela sekula txapela janzten azaldu zuen Natxo de Felipek, baina, inoiz, gabardinapean zeramala gordeta eta «Agur jaunak» entzuterakoan beste guztiek txapela erantzi eta zutik jartzen ziren bitartean Aresti jesarri egiten zela txapela buruan zuelarik.
«Zorionak zuri»
Segituan, eta fundamentuzko urtebetze bati dagokion bezala, Natxo de Felipek publikoa gonbidatu zuen «Zorionak zuri» zutik kantatzeko.
«Oso maiz biltzen ginen bere etxean kafe baten inguruan», gogoratu zuen Natxo de Felipek, eta momentu haietan -Arestiren azkenak, Oskorriren aurrenekoak-, elkarren ondoan zeudela, sortu ziren taldearen «erro estetikoak eta etikoak».
Hainbat pasadizo kontatuta, Gabriel Arestiren lanetan drama eta tragedia agertzen direla onartu bazuen ere, umorea ere presente dagoela gogorarazi zuen de Felipek, «Bizkaiko aberatsak» kantari heldu ziotelarik.
Horrela egin zuten aurrera Oskorrikoek, «Laugarrenez nerea» eta bilbotarrak idatziriko beste hainbat kanta joz.
1975ean hil zen Aresti, bere testuetan oinarritutako Oskorriren lehenengo diskoa, «Gabriel Arestiren oroimenez», kaleratuta ikusi gabe. Disko hura dugu urte honetan Oskorri berriro bisitatzen dabilena «Gabriel Aresti bizsitan» izenarekin. Betiko Arestiren eta Oskorriren abestiak dira disko-ikuskizun honetakoak, baina era akustikoagoan eginda.
1971n Deustuko Unibertsitateko paraninfoan lehenengo kontzertua eman zuenetik, harreman estua izan du Oskorrik poetarekin, eta bere burua euskaldundu zuen poetaren olerki asko kantatu ditu. Oskorriren taldekideen hitzetan, «Gabrielen eragina ukagaitza da, ez soilik kantetan, baita gero garatu genituen hainbat arlotan ere». Azken batean, Arestiren eragina kulturatik harago zabaldu zen, bere internazionalismoa eta moral zorrotza bere izaeraren ikurretako bi direlarik.
«Euskara batua esatean beti ematen du nolabaiteko operazio teknikoa dela, edo izan zela, eta ez zen operazio teknikoa bakarrik izan. Azkar esango dizut: hor atzean zegoen ideia da euskarak ez duela behar izan orain bezala horrelako sinbolo bat; badakizu, urrea Fort Knoxen bezala, han gordeta, hura gure altxorra da eta. Ez du izan behar horrelako kontzeptu erromantikoa, baizik eta eskolarako, idazteko edota lanerako tresna». Bernardo Atxagak ekainean GARAri egindako adierazpenak dira horiek, «Munduaren neurrira» Arestiri buruzko dokumentalean Koldo Izagirrek egiten dituenekin bat datozenak: «Nik uste dut batua ez zela ortografia bat, bazen olde berri bat ere. Haize berri bat zekarren eta Arestiren poemak, jarrerak, lanak eta eztabaida publikoek halako erakargarritasun bat zeukaten orduko gazteriarentzat. Horrek asko lagundu zuen euskara batuaren hedapenean».
Batuari eta bere erabilerari egindako ekarpenak ez ezik, Gabriel Aresti dugu gure literatura irauli zutenetako bat. Euskal tradizioa (bertsolariak, kontaerak, klasikoak; nabaria da Lizardik Arestirengan izan zuen eragina) oinarri, ateak ireki zizkion Arestik euskal kulturari, besteak beste, tematika berriak ekarriz. A.H.
«Oso maiz biltzen ginen bere etxean kafe baten inguruan», gogoratu zuen Natxo de Felipek, eta momentu haietan -Arestiren azkenak, Oskorriren aurrenekoak-, elkarren ondoan zeudela, sortu ziren taldearen «erro estetikoak eta etikoak».