GARA > Idatzia > Kultura

Joxemari Carrere Ipuin kontalaria

Ijitoak

Errusiako ijitoei jasotako ipuin batean azaltzen da zergatik dauden sakabanatuak. Nonbait ijito familia bat alde batetik bestera zebilen zaldi zahar eta ahul batek tiratutako gurdian. Laster gurdia haurrez gainezka zihoan, eta gurdiaren kulunkarekin tarteka haur bat buruz behera erortzen omen zen bidera. Egunez gelditu eta haurra jaso, baina gauez ezin haurra aurkitu eta hantxe gelditzen zen; gainera, nola eraman hainbeste haurren kontua? Ijito familiak mundu osoa korritu zuen. Horrexegatik omen daude ijitoak sakabanatuak munduan barrena.

Egunotan ijito ipuinekin ikuskari baten prestaketan ibilita, besteetan bezala, gogoetarako bidea eman dit beste kulturetako kontu zaharrekin aritzeak. Izan ere, munduan diren eta izan diren herri zein kultura guztiek euren izateari eutsi izan diote istorioak kontatuz. Euren existentzia azaltzeko eta ulertzeko erabili izan dira, euren historia, istorioen bitartez azaldu, ahozko historia osatuz. Gehienetan ipuinak kultura batetik bestera hartzen eta egokitzen dira, berea eginez. Horrela, Indiako ijitoen ipuin bat euskaldunen ipuin baten berdina dela deskubrituko dugu, aldaerak aldaera. Hitzak ibiltariak izan dira eta izango dira beti, pertsona humanoen urratsen lagun. Ijitoen kasuan, berehala ohartzen zara ez direla lurralde zehatz batera mugatzen, beraiek bezala, sakabanatuak daudela han eta hemen; berezko izaera galdu gabe, dauden lurraldearen ezaugarriak bereganatuz.

Ijitoa ez den euskalduna izanik, nola ausartu bada euren istorioak kontatzen? Agian, lurralde fantastiko horietan barneratzea litzateke kontalariaren lana, beste lurraldeetara abiatzeko. Hitz ibiltariak lagun.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo