mendi lasterketak Hainbat hitzordu
Euskal selekzioak arrakasta handia lortu du Munduko Kopan
Bost proba jokatu ondoren, sailkapen nagusiaren Top 10ean lau ordezkari ditugu: Aitziber Ibarbia (9. postua), Aritz Egea (4.), Jokin Lizeaga (5.) eta Hassan Ait Chaou (6.). EMF bigarren sailkatu da taldekako sailkapenean.
Andoni ARABAOLAZA
Mendi lasterketen denboraldiak laster itxiko ditu ateak. Aurten ere hitzordu uholdea izan da, bai hemen bai nazioartean ere. Gainera, espezialitate ugari izan dira tartean: skyrace-ak, lasterketa bertikalak, ultra-trailak...
Skyrace eta bertikalen Munduko Kopak, adibidez, amaitu dira dagoeneko. Azken proba Italiako Limonen jokatu zen. Urriaren 11n jokatu zen, hain zuzen, lasterketa bertikalen azken saioa. Euskal selekzioaren ordezkariei dagokienez, aipatu behar dugu Leire Agirrezabala bosgarren postuan sailkatu zela. Soilik proba batean parte hartu du, eta, hala, sailkapen nagusian hamaikagarren izan da.
Skyrace edo mendi lasterketa ohikoen azken hitzordua, berriz, bi egun geroago jokatu zen: Limone Extreme. Euskal Mendizale Federazioak euskal ordezkari ugari bidali zituen. 23 kilometroko eta 2.000 metroko goranzko desnibela zuen ibilbidean Aritz Egeak lasterketa ederra egin zuen. Kilian Jornet irabazlearengandik minutu bat eta 50 segundora geratu zen, hirugarren postua eskuratuz. Jokin Lizeagak, aldiz, seigarren postua lortu zuen.
Nesketan, bestalde, Stevi Kremer nagusitu zen 2.46.11 denborarekin; errekorra erdietsi zuen. Bosgarren postuan eta 12 minutura Agirrezabala helmugaratu zen.
EMF bikain
Aurreratu dugun bezala, bost proba jokatu dira, eta, aitortu behar da, oro har, oso lasterkari gutxik lehiatu dutela aurtengo Munduko Kopa. Beste era batera esanda: sailkapen nagusian puntuatzeko lasterkariek gutxienez hiru hitzordutan korritu behar zuten ete hori oso gutxik egin dute. Horrek, jakina, ez die meriturik kentzen lehen sailkatuei, ezta gutxiago ere. Baina errealitatea hori da. Eta sailkapen nagusian EMFren euskal selekzioa protagonista izan da: lau ordezkari Top 10ean sartu ditu eta taldeka EMF bigarren sailkatu da.
Aitziber Ibarbiak, adibidez, bi proba jokatu ditu eta bederatzigarren postua lortu du. Mutiletan, berriz, Egea laugarrena izan da, Lizeaga bosgarrena eta Hassan Ait Chaou seigarrena.
Euskal txapelketa
Bien bitartean, hilaren 5ean Euskadiko Bertikalen Txapelketa izan zen: Araia-Aratz lasterketa. Hitzordu honek lehen ekitaldia zuen, eta aitortu behar da agerraldi hori berezia izan zela oso. Izan ere, antolatzaileek lehiaren egunera arte ez zuten ibilbidearen berri eman.
Neska seniorretan Aratz mendiaren tontorrera heltzen lehena Aitziber Ibarbia izan zen. Nahia Quincoces bigarrena izan zen eta Larraitz Antxia hirugarrena. Mutiletan podiuma honakoa izan zen: Aritz Egea lehena, Oier Ariznabarreta bigarrena eta Ionut Zinca hirugarrena.
Beteranoetako irabazleak Izaskun Zubizarreta eta Jexux Zelai izan ziren. Kadeteetan, Leire Fernandez (nesken lasterketaren irabazlea) eta Pello Moreno. Juniorretan, berriz, Ander Garmendia nagusitu zen, eta, promesetan Joseba Urbano.
EMFren euskal selekzioaren lasterkariek postu ederrak lortu dituzte Munduko Kopan. Top10ean lau ordezkari sartu dira eta taldeka EMF bigarren izan da.