Saioa Iraola eta Joana Aurrekoetxea Euskal Herriko Bilgune Feminista
Zaintza partekatu honen iruzurra
Utz ditzagun egoera pertsonalak, kasu bakartuak, amorruak, xantaiak, mendekuak alde batera, eta hitz egin dezagun benetan bizi duinak ahalbidetzeko hartu beharreko neurri integralez
Azken hilabeteotan «zaintza partekatua» kontzeptua bolo-bolo dabil komunikabideetan, Gasteizko Legebiltzarrean eta beste hainbat eremutan. Zein da arrazoia? Kidetza Euskadiko Guraso Bananduen Elkarteak 2013ko udan eginiko Herri Ekimen Legegileak eragin duen polemika, egungo legearen gainean hiru aldaketa nagusi hauek proposatzen dituelarik: zaintza partekatuaren ezarpena lehentasunezkoa izatea epaitegietara iristen diren kasuetan, elikadura-pentsioen ezabatzea, eta bikotearen ondasunak (etxebizitza, kasu) automatikoki likidatzea/saltzea.
Zaintza partekatuaz hitz egiten dute hauek, baina guk, feminista askok, bizitza duintasunez bizitzea ahalbidetzen duten zaintza lanez hitz egiten dugu etengabe; zaintza arduratsuaz, alegia. Izan ere, pertsonok jaiotzen garen momentutik hiltzen garen unera arte zaintza beharrak ezinbestekoak ditugun subjektu interdependenteak gara. Baina, zaintzaz hitz egin behar badugu, goazen elkarrekin errealitateari begiradatxo bat botatzera. Egun, bizi garen jendarte eredu patriarkal kapitalistan ezartzen zaizkigun genero rolen araberako funtzioak direla-eta, emakumeok gara nagusiki bizitzak sostengatzen eta elikatzen ditugunak egunerokoan: haurren, helduen, harreman sexu-afektiboen zaintza, etxeko lanak, eta abar. Horretaz ohartzeko ez dugu gure inguruan begiratu besterik: nork prestatzen ditu otorduak gure etxeetan? Nork jartzen du garbigailua? Nork lisatzen du arropa? Nork egiten ditu erosketak? Nork jasotzen du haurren mediku kontsulta egutegian? Nork eramaten ditu haurrak eskolara? Nork jaso? Nork zaintzen ditu adinekoak etxean? Erreginak? Nork hartzen ditu lan hauek egiteko lanaldi murrizketak? Nortzuk gara etxeko lanetaz eta zaintzaz arduratzeko enplegu bati uko egin eta pentsio miserable batzuekin bizi garenak?... Emakumeok gara, oro har, lan horiez guztiez arduratu izan garenak eta egun ere nagusiki arduratzen garenak. Beraz, hitz egin dezagun beste termino batzuetan bizitza duina ahalbidetzeko ezinbestekoak diren zaintza lanen banaketaz, errealitatearen ezagutzatik eta aitortzatik abiatuz.
Kidetzak proposatutako lege ekimen honen aurka gaude, iruditzen zaigulako haurraren beharrak, interesak eta ongizatea ez dituela lehenesten. Eta horrez gain, ez dituelako kontuan hartzen harreman sexu-afektiboan zehar bizitako esperientziak, izandako gabeziak, jasotako gutxiespenak eta indarkeria egoerak. Gure ustez, banantze prozesu bakoitzak izango ditu bere arrazoiak, istorioak eta bizipenak, nork bereak. Horiek guztiak kontuan hartzea beharrezkoa da, legeak gainontzean ez baitie egoera, arrazoi eta arazo desberdinei irtenbide justua emango. Eta gainera, kontuan hartuta adostasunik ez den banantze prozesuetan aplikatzeko neurri bat dela, iruditzen zaigu, jada harremana gatazkatsua bada, haurraren gaineko erabakiak ere bien artean adostu behar izateak are eta konplexuagoa bilaka dezakeela harremana. Bada, epaitegietara iristen diren kasu gehientsuenetan komunikazio zubiak itxita egoten dira, eta horrek haurraren gaineko erabaki bateratuak hartzea kasik ezinezko bilakatzen du. Bestalde, behin bananduta aita batek, haurraz ezer gutxi arduratu den kasuetan, zergatik zaindu nahi du sutsuki bere haurra? Indarkeria sexista egoerak eman diren bikoteen kasuan zergatik hauek ez dira kontuan hartuko?
Horrez gain, bada beste faktore garrantzitsu bat afera honetan, hau da, zer-nolako harreman ereduak ehuntzen ditugun harreman sexu-afektiboei dagokienean. Izan ere, jendarte eredu patriarkal honetan, txiki- txikitatik bikotea izateko beharraz ohartarazten gintuzten marrazki bizidunetako protagonista estereotipatuak, maitasun erromantikoa ardatz zituzten eta dituzten filmak, iragarki eta abarrak ikusiz hazi eta hezi izan gara. Horrela, maitasun eredu erromantikoa ardatz izanik, jabetzan, botere-harremanetan, estereotipoetan, jelosian, amorruan, eta abar oinarritutako harreman ereduak sustatu eta eraikitzen dira jendartean eragile sozializatzaile ezberdinen bitartez, hala nola, telebista, hezkuntza, publizitatea... Aldiz, feminismotik eginiko aldarrikapen historikoa dugu harreman eredu berriak sortzea ezinbestekoa dugula bestelako jendarte eredu bat erdiesteko. Harreman eredu osasuntsuen aldarria praktikara eramatea beharrezkoa dugu. Heteroarautik eta maitasun erromantikoaren iruzurretik kanpo kokatuz, bestelako harremanak eta elkarbizitza unitate eredu ezberdinak aldarrikatu behar ditugu; hain zuzen ere, gure jardun politikoaren lehentasunetako bat bilakatu behar dugu aldarrikapen horiek gure egunerokoan aplikatzen saiatzea. Izan ere, nekez eraldatuko ditugu errealitate zabalagoak, elkarren artean harremantzeko erei so egiten ez badiegu lehendabizi.
Kidetzak proposatutako herri ekimen legegile honek ere badu besterik: pentsioen eta etxebizitzaren afera. Elikadura-pentsioak ezabatzea eta bikotearen ondasunak (etxebizitza, kasu) automatikoki likidatzea/saltzea proposatzen da. Lotsagabe, eta kasu zehatzei eta errealitateari uko eginez planteatutako neurria dela uste dugu. Emakume asko eta asko, jada egun dagoen legearekin ia bizitza osoa haurraren zainketara eskaini ondoren baliabide ekonomiko eta material eskasekin gelditzen baziren (begira bestela etxe-kaleratzeen datuei sexuaren arabera), egun plantea- tzen den neurriarekin zuzenean pobreziara kondenatuko lirateke emakume asko eta asko, sexuaren araberako lanen banaketaren ondoriozko egoerari irtenbiderik eskaintzen ez zaiolako. Prekarietateak emakume aurpegia duela askotan salatu izan dugu mugimendu feministatik, izan ere, emakumeak baikara inolako errekonozimendu sozial eta ekonomikorik gabe etxeko lanez eta zaintza lanez arduratzen garenak.
Hortaz, utz ditzagun egoera pertsonalak, kasu bakartuak, amorruak, xantaiak, mendekuak alde batera, eta hitz egin dezagun benetan bizi duinak ahalbidetzeko jendartean egin beharreko zaintza lanez, haurrak jaiotzen diren momentutik beharrezkoak dituzten lan guztiak partekatzeaz, eta horretarako planteatu beharko liratekeen kontzientziazio neurriez eta neurri integralez: hezkuntza programez, amatasun eta aitatasun neurri duinez, adinekoen zaintza ahalbidetzeko laguntza sozialez... Badugu nondik hasi eta zer borrokatu.