GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

karakorum Sari ederra

K6 West mendiaren lehen igoera espedizio oso eraginkor batean

Ian Welsted eta Raphael Slawinski kanadarrek Charakusa eskualdean dagoen K6 West mendia ipar-mendebaldeko aurpegitik igo dute. Estilo arinean eskalatuta, zailtasun tekniko handiak gainditu behar izan dituzte bidearen giltzan.

p046_f01.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Ian Welsted eta Raphael Slawinski goi mailako alpinista kanadarrak dira, eta pasa berri den udan egindako espedizioan argi asko erakutsi dute maila tekniko handia izateaz gain oso eraginkorrak direla. Emaitza nagusia, berriz, honakoa izan da: K6 West mendiaren lehen igoera.

Hedabide espezializatu askok zioten jarduera hori Karakorumen lortu gabe zegoen erronka nagusietarikoa zela. Inork ez du ukatzen zazpimilako hori helburu ederra zela eta nazioarteko alpinisten begiradapean egon dela. Baina argi dago ez dela helburu bakarra, oraindik Karakorumeko mendilerroan oso interesgarriak izan daitezkeen jarduerak baitaude egiteko. Beraz, momentuz, zerrenda luze horretatik bat ezabatu da; besterik ez.

K6 West mendiaren lehen igoera espedizioaren sari nagusia izan da, baina, aurreratu behar dugu, alpinista kanadarren espedizioa oso eraginkorra izan dela. Eta hori diogu, hurrengo orrialdeko elkarrizketan irakurtzen den bezala, beste eskalada interesgarri batzuk ere egin zituztelako.

Baina heldu diezaiogun Welsted eta Slawinskik K6 West mendian egindako igoerari. Esaten genuen igo gabe zegoen mendi hori hainbat eta hainbat goi mailako alpinisten begiradapean izan dela. Saiatu ere saiatu dira, baina pasa den uztaila arte korapiloa ezin izan dute askatu. Lehenak, Maxime Turgeon eta Louis Philipe Menard izan ziren. Ondoren, Steve House, Vince Anderson eta Marko Prezelj entzutetsuen txanda izan zen. Mendiaren baldintza arriskutsuak zirela-eta, azken hirukote hori K7 West-en (6.858 m) geratu zen, K6 West menditik (7.040 m) oso gertu.

Zati gogorrak

Nanga Parbateko kanpaleku nagusian izan ziren erasoek buruhauste handiak sortu zizkieten espediziokideei. Hirugarren taldekide batek etxera itzultzea erabaki zuen; ez, ordea, Welsted eta Slawinskik.

Girora egokitu ondoren, alpinista kanadarrak martxan jarri ziren. Ipar-mendebaldeko pareta ondo baino hobetu aztertu ondoren, saioari ekin zioten. Ezin da ukatu: bikote honek eginiko eskalada erabat eraginkorra izan zen. Eta hori diogu lehen saioan saria erdietsi zutelako.

Zazpimilako horretan bost gau pasa zituzten guztira. Beste era batera esanda, lau egun eman zituzten eskalatzen eta beste bat behar izan zuten jaitsierarako. Kanpaleku nagusia 4.300 metrora altxatu zuten. Paretaren sarrerara heltzeko, berriz, egun bat behar izan zuten. Errimaia nahiko eroso batean bibaka egin ondoren, biharamunean eskalatzen hasi ziren.

«Charakusako glaziarra zeharkatu genuen; ez zen batere zaila izan. Ondoren, oso puskatuta zegoen izotz jauzi batera heldu ginen. Hura gainditu ostean, 5.500 metroko garaieran zegoen arrisku handiko bailara oso estu batera heldu ginen. Behin ipar-mendebaldeko aurpegian sartuta, 6.500 metrora, hego aurpegitik 100 metro jaitsi behar izan genituen. 5.500 metrotik 6.500 metrora dagoen tarte horretako aldapa bataz beste 60 gradukoa da. Aipatu dudan jaitsiera hori ertz estu bat saihesteko egin genuen. Azken sekzioa, 7.040 metrora arte, glaziar moduko bat da, baina, hori bai, nahiko tentea», azaldu du Slawinski berak.

Uztailaren 29a zen. Gailur eguna. Behin alpinistok K6 West mendiaren lehen igoerara lortu ostean, baina, jaitsiera ez zen batere erraza izan. Guztira 39 rapel egin behar izan zituzten. «Behin gailurra zapalduta, buru-belarri ekin genion jaitsierari. Jakin bagenekien ez zela batere erosoa izango. Igoerako urratsak segituz, 6.500 metrora arte atzera egin genuen. Pareta osoa rapelatu eta paretaren sarrerara heldu ginen», adierazi du kanadarrak.

lehena

Pasa den udan, Ian Welsted eta Raphael Slawinski alpinista kanadarrek K6 West mendiaren lehen igoera egin zuten.

eraginkortasuna

Ipar-mendebaldeko aurpegitik igo ziren, eta lehen saioan bertan erdietsi zuten saria. Paretan bost egun pasa behar izan zituzten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo