Raphael SLAWINSKI alpinistA
«Inoiz egin ditugun luze nekagarrienak K6 West mendian eskalatu ditugu»
Pasa den udan, Ian Welsted eta Raphael Slawinski kanadarrek espedizio oso eraginkorra egin zuten. Charakusa inguruko hainbat bide eta tontor egin zituzten, eta, guztien artean, jardun batek protagonismo berezia hartu du; jakina, K6 West mendiaren lehen igoerari buruz ari gatzaizkizue.
Zuen espedizioaren emaitza ikusgarriena K6 West mendiaren lehen igoera izan arren, aitortu behar zaizue, oro har, zuen bidaian lorturiko gailur zerrenda garrantzitsua dela oso. Guztira, zazpi tontor edo eskalada egin dituzue.
Bai, hala da. Jendea oso bildumazalea da: zigiluak, falta zaizkien hainbat aldizkariren zenbakiak, edalontzien tapak... Mendizaleei dagokienez, gailurrak dira aitzakia: hamalau zortzimilakoak, Ipar Amerikako 50 klasikoak... Zerrenda horiek ez baditu gustuko, mendizaleak beste irizpide batzuk hautatzen ditu. Adibide gisa, mendilerro jakin bat aukeratu eta han makina bat tontor kateatzen ditu. Beste ohiko zerrenda bat kontinente bakoitzeko zazpi gailurrak dira. Islamabaden ginela, etxerako bueltan alegia, Ian eta biok zazpi gailur sinatu genituela ohartu nintzen. Jakina, ez da Zazpi Gailurren egitasmo bera, baina uste dut egindako bidaiak oso emaitza oparoa izan duela. Kronologikoki honakoak izan dira igoerak: Skardu Rock (2.700 m), The Flame (5.000 m), Sulu Peak (5.950 m), Farol West (6.150 m), K6 West (7.040 m), Nayser Brakk (5.200 m) eta The Dog´s Knob (5.400 m).
Alabaina, espedizioa ez zen era egokienean hasi. izan ere, garai haietan Nanga Parbateko kanpaleku nagusian erasoak izan ziren, eta zuen taldekide bat etxera itzuli zen.
Azkenean, eraso horiek ez zuten gure asmoa aldatu. Soilik aldaketa bat egin genuen: mendietara Karakorum Highway errepidetik hurbildu ordez, hegazkina aukeratu genuen.
Hala ere, Ian eta biok asko hausnartu genuen. Jakin bagenekien, atentatuak izan ziren Chilas eskualdearekin alderatuta, Baltistan askoz ere lasaiagoa dela. Buruhauste handiena senitartekoekin izan genuen. Haiekin luze eta zabal hitz egin nuen, eta konbentzitu ere egin nituen. Eta zuk aurreratu duzun bezala, bai, Jesse Huey kidea etxera itzuli zen.
K6 West igo baino lehen, beste lau menditan egokitu zineten girora. Badirudi fase horrekin asmatu egin zenutela, ezta?
Halaxe da: trekkinga egin, 6.000 metroko mendi bat igo, 6.200 metroko beste baten tontorrean bi gau egin... Behin horiek eginda, prest ginen gure helburu nagusiari ekiteko. Eta asmatu genuen, izan ere, gailur egunean 7.000 metroko garaieran geunden, eta biok ala biok oso ondo sentitu ginen.
Eta aitortu behar zaizue jomugan bete-betean jo zenutela. Izan ere, lehen saioan bertan lortu zenuten gailurra. Horrez gain, bost eguneko eskaladarako estilo arin eta alpinoa hautatu zenuten.
Beste gauza batzuei buruz dudak izan ditzaket, baina estiloari buruz bat bera ere ez. Hori bai, gerta daiteke egoera larri batean aldaketa txiki batzuk egitea. Guztira, paretan bost gau egin genituen. Bidearen sarrerara heltzeko egun bat behar izan genuen. Ondoren, lau eguneko eskalada izan zen, eta kanpaleku nagusira iristeko beste egun bat behar izan genuen. Oro har, bibakak ez ziren batere erosoak izan. Aurreratu behar dut rapelatzeko erabili genituen hainbat zinta salbu [guztira 39 rapel egin zituzten], mendia erabat garbi utzi dugula. Eta ez genuen ez soka finkorik ez jumarrik erabili.
«Inoiz eskalatu ditugun luze nekagarrienak egin ditugu». Hori zuk zeuk esan duzu. Hain gogorra izan al da?
Inolako zalantzarik ez dugu: oso-oso gogorra izan da. Murruak, berez, izotzezko aldatsak ditu; 50 eta 60 gradu artean dituzte, eta, teknikoki errazak badira ere, izerdi franko bota genuen. Izotzezko sekzioen artean mistoko luze tenteak daude. Kanadan eskalatzen egongo bagina, aipatuko nuke tarteok WI4+ eta M6+ zailtasunekoak direla. Baina kontuan hartu behar duzu 6.000 metroko garaierara geundela; ondorioz, luze horiek benetan nekagarriak izan ziren. Ez dago parekatzeagatik, baina bidearen giltza diren luzeotan «Spray On» bidea (WI 11) bukatzean izandako sentsazio bera izan nuen. Leher eginda nengoen. Agian ez da egoera bera, baina ia-ia bera izan zen. A.A.