KRONIKA | NAFARROA OINEZ 2013
Bihotzez sentitu eta hauspotu duten ikastola
Ikastegi bat baino gehiago sentimendu bat da ia Argia ikastola. 1984an bost haurrekin abiatu zen ikastolaren baitan ausardia keinu eta esfortzu mordoa elkartu dira. Nork bere erara, ikasle, guraso edo irakasle gisa, euren taupadez hauspotu dute bihotzean hartuak dituzten euskara eta ikastola.
Maider EIZMENDI
Arratsaldean lana egitea egokitu zaio eta horregatik goiza familiarekin igarotzeko baliatu du. Bigarren gunera iritsita alde batera eta bestera begiratzen du, iristen ari den jende kopuruari tonua hartu nahian. Lorea Jimenez da, Argia ikastolaren hazietan parte hartu zuten bost ikasleetako bat.
Bere gurasoak, beste lau haurren gurasoekin batera, seme-alabek euskaraz ikasi behar zutela tematu ziren eta egun Beterri elkartea hartzen duen lokalean hasi ziren eskolak hartzen. «Gogoan daukat erosotasun handirik ez genuela izaten, besteak beste, hotz handia pasatzen genuelako», kontatu du. Gaziak baino, hori bai, oroitzapen gozo askoz gehiago gordetzen ditu, batik bat ikaskideekin eta irakasleekin egin zuten harremana oso berezia izan zelako.
Gurasoei zinez eskertzen die izan zuten ausardia, jakin badakielako inguruko askoren aurkakotasunari aurre egin behar izan ziotela une hartan. «Konturatzen zara arazo asko izan zituztela eta jende askoren iritziei aurre egin behar izan zietela», nabarmendu du, hunkituta. Lorearen atzetik, bi ahizpak ere Argia ikastolara joan ziren; Lorearen seme Ekhiotz ere hara joaten da egun, etxean jasotako euskara ahotan.
Ama-semeen irakasle lanak egin ditu Argia ikastolako hastapenetatik bertan lanean ari den Ana Letek. Laugarren guneko informazio gunean, gerturatzen den edonori laguntzeko prest agertzen da. Irribarre egin du Lorea eta Ekhiotz aipatutakoan, ikastolaren iragana eta oraina etortzen zaizkiolako burura.
«Aurrera egiteko kemena»
Gustura da Ana Lete ingurura begiratzen duen artean. «Ez nuen gutxiago espero Euskal Herriko pertsona guztiengatik», dio. Azkenaldian gogor lan egitea egokitu zaie jaia prestatzeko, baina ordainean jasoko dutena handia da: «Aurrera jarraitzeko beharrezko dugun dirua eta lanean jarraitzeko ongi baino hobeto etorriko zaigun kemena bilduko ditugu euskarak aurrerantzean ere Erriberan indarra izan dezan».
Ikastolako lantaldearena ez ezik, ikasle, ikasle ohi eta gurasoen «neurriz kanpoko» esfortzua ere nabarmendu nahi izan du Letek: «Erriberako familiei esfortzu handia eskatzen diegu, inor atzera botako lukeena, baina, inolako zalantzarik gabe, gustura egiten dutena». Horregatik dio Argia ikastola ikastegi huts bat baino askoz ere gehiago dela, sentipenak pizteko gai delako. «Ikastolatik irteten direnerako, ikasleek sentimendu berezia dute ikastolarekiko, maite dute, berezia den zerbaiten parte sentitzen dira», azaldu du malkotan.
Ana Leteren hitzak entzuten ari da alboan Susana Peña Corellako bizilaguna. Donostian jaioa, ez zuen haurra zela euskaraz mintzatzen ikasi eta ez zuen bere semeei beste horrenbeste gertatzerik nahi. Urruntasunak gerturatuta, egunero Corella eta Fontellas arteko hogei kilometroak egin beharra edota jendearen iritzi ezkorrak ez dira oztopo semeek euskaraz ikas dezaten. «Jende batek ez du ulertzen. Nik ez dut inorekin eztabaidarik nahi, baina beti aldarrikatuko dut nahi dudana aukeratzeko nire eskubidea». Hartutako erabakiak harrotasuna eragiten dio eta abantailak baino ez dizkio eman: «Euskaraz ikasi izanak Elizondon ikasteko aukera eman dio semeari, berak nahi zuena ikasteko okasioa, pentsa».
Lorea, Ana eta Susana, Argia ikastola bultzatu duten ehunka eta ehunka taupadetako hiru, atzo jaiaren bueltan inguratutako gainerako taupaden indarra neurtu eta jasotzen.