GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe EGIA

«Déjà vu»

Gertatzen da asko idatzi duzunean, gertakari asko eta askoren inguruan, batzuetan errepikapenean erortzen zarelako sentsazioak hartzen zaituela. Gertatzen da egun jazotzen ari denaz idazten hasi eta déjà vu bat izaten duzula, atzera begiratu eta gauzek bere horretan segitzea nola litekeen galdetzen diozula zure buruari. Bereziki gertatzen da hori urtero egun seinalatuak iristen direnean. Urtebeteren ondoren, tamalez, gauzak nahiko gutxi aldatu direlako. Edo ezer ez. Aldaketa falta horretaz urtebete ondoren ez eta, adibidez, pare bat hamarkadaren ostean pentsatzen denean, sentsazioa zinez garratza bihurtzen da.

Oliver Stone zinema-zuzendariak eginiko dokumental batean, AEBen historiaren gainean, halako zerbait zioen bukaera aldera, ondorio gisa: «70eko hamarkada hasieran, neska gazte batek esan zidan munduak feminizatzeko beharra zuela. Egia esan, ez nuen ulertu zer esan nahi zuen horrekin. Denborarekin ulertu dut maitasunaz ari zela, mundu honetan gauzak, politika barne, maitasunetik, enpatiatik eta umiltasunetik egin daitezen behar dugula, etengabe odola isurtzeari utziko badiogu». Ez dakit Oliver Stonek pentsatzen duen emakumeok, espezie bezala, maitekor izatea dugula bereizgarri, eta apal eta enpatiko; alegia, ogi puskak. Ez dakit irudikatzen duen emakumeok gidaturiko mundu batean gatazkez eta gerrez arduratu beharrean, lurraldeez, baliabideez, botereaz eta kontrolaz arduratu beharrean, nor bere herrialde barrukoaz arduratuko litzatekeela, lagun hurkoa berean bakean utzita. Argi dagoena da 70eko hamarkadatik hona mundua ez dela batere feminizatu, gizonen mundua izaten jarraitzen duela, non emakumeok geure eskubideak aldarrikatzen jarraitzen dugun, lehengo eta oraingo arazo espezifikoei aurre egiten. Arazo horiek ez dira berberak mundu osoan, jakina, baina emakumeok leku guztietan badugu zerbait berdina: gizonarekiko maila bat beherago egotea. Eta maila hori zenbat eta pobreago, orduan eta nabarmenago. Eta, batik bat, berdintzera iristeko zailago.

Joan den astean, Pobreziaren Aurkako Nazioarteko Eguna izan zen. Balio du halako egun batek hausnarketa bultzatzeko, gaiaren inguruan hitz egin eta arreta deitzeko; balio du konturatzeko gure zilbor-hesteaz harago jendea zein baldintzatan bizitzera behartuta dagoen, eta ez ahazteko pobrezia larrienean ere emakumeak duela beti are egoera okerragoa. Hortik ateratzeko inolako itxaropenik eduki ezin duen heinean. Pobrezia gordinenean dena da nabarmenagoa, bortitzagoa, zolitasunak desagertu egiten dira, eta indarkeria, berriz, mota orotako indarkeria, inposatu. Balio du, era berean, gauzak, ez direnean benetan interesatzen, zein gutxi aldatzen diren berresteko. Pobreak eta zapalduak, hau ere espezie bezala, pobre eta zapaldu izaten jarraituko duela tristezia osoz egiaztatzeko.

Datorren astean Emakumeekiko Indarkeriaren Kontrako Eguna izango da. Eta gertatzen da, bai, bereziki genero ikuspuntutik pentsatzen denean, etengabeko errepikapenaren sentsazioak hartzen zaituela halako egunetan batik bat. Uste oso zehatz batekin buruan: benetan interesatzen ez denean...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo