Surflari Ernegatua
Ezker edo eskuin
Bereizketa egiteko ordua iritsi zenean, eskuin surflariei «natural» deitzen hasi ziren, eta, ezker surflariei , «goofy». Esanahi esanguratsua du hitz horrek, «tonto» esan nahi baitu. Berriz ere, goofy eta naturalen arteko bereizketa egiteko momentua iritsi dela uste dut, surfak aurrera egin dezan eta robot telegidatuek egiten duten bizi gabeko kirol bilaka ez dadin
Surf ikastaroa amaitu ostean aholku bakarra ematen diet 12 urtetik beherako ikasleei: ez dezatela taula txikirik izan 14 urte egin artean. Izan ere, taula handi bat mugitzeko egin behar den esfortzua handiagoa da eta erabili beharreko teknika zorrotzagoa; ondorioz, hobeto ikasten da, eta estilo propioa izateko modu bakarra da, surflaria gorputzak eskaintzen dizkion baliabide guztiak erabiltzera behartuta baitago. Horrek sortzen du norbanakoa besteengandik bereizten duen osagai paregabea. Estiloa. Noski, ez haurrek, ezta gurasoek ere, ez didate kasurik egiten.
Oso gaztetatik taula txikiekin surf egitearen ondorioetako bat estilo propioa ez lantzea da. Surf eskoletan ariketak teknikoki modu egokian nola egin behar diren irakasten saiatzen gara, eta, ondorioz, moldean egindako surflariak bilakatzen dira haurrak. Ez dago ia desberdintasunik haien surf egiteko moduan. Surflari batek izan dezakeen nortasunaren ezaugarri garrantzitsuena ezabatzen ari garela esango nuke; alegia, estiloa.
16 urteko neska-mutilak lehen aldiz surf egitera etortzen direnean, hondarretan etzan eta olatu artean zer eta nola egin behar duten erakusten saiatzen naiz. «Lehenik taulan ongi etzan, gero gorputzaren aurrealdea jaso eta atzean jarri behar dugun oina prestatu», esaten diet. Eta, jarraian, ikasleekin etorri diren begiraleek ere ulertzen ez duten zerbait esaten diet: «Orain erabaki garrantzitsu bat hartu behar duzue, zuen bizia norabide batean edo bestean zuzenduko duena... ezkerra edo eskuina?».
1937an Walt Disney enpresak «Holidays in Hawaii» filma aurkeztu zuen. Marrazki bizidun haien protagonista Goofy zakurra zen eta Hawaiin surf egiten ikasi nahian zebilen. Lehen aldiz, surflari bat ezohiko modu batean surf egiten agertu zen; alegia, atzean ezker oina zuela. Ordura arte, surflariak eskuin surflariak ziren, aldekotasuna garatu gabe baitzegoen; beraz, bereizketa egiteko ordua iritsi zenean, eskuin surflariei «natural» deitzen hasi ziren, eta, ezker surflariei, berriz, «goofy». Hitz horren esanahia esanguratsua da, «tonto» esan nahi baitu. Egun, ezker edo eskuin surflari izatearen afera gaindituta dago. Azken hamarkadetan garrantzitsuena estiloa zen, jarrera, nortasuna, baina, gaur, zer da kontuan hartzen dena?
Egun, guztiok «natural» garela esango nuke, alegia, eskuin. Izan ere, ezer ez izatea, epel izatea edo erdian kokatu nahi izatea, beti da eskuin, beti da gehiengoaren multzoan kokatzea, beti da, bestelako irudi bat eman nahi bada ere, kontzienteki hartutako erabaki bat. Bide errazenaren aldeko hautua, hautu erosoa, inori esplikaziorik ematera behartzen ez zaituena eta pentsatzeko ariketa neketsuaz libratuko zaituena .
Berriz ere surflarien artean goofy eta naturalen arteko bereizketa egiteko momentua iritsi dela uste dut, surfak aurrera egin dezan eta robot telegidatuek egiten duten bizirik gabeko kirol bilaka ez dadin. Surf eskolek, benetan eskolak bagara, horretan ere badugu erantzukizunik.