Kai Otton irabazle Portugalen: Goofyak nagusitu dira WCT zirkuituko azkenaurreko proban
Bi ezker surflari edo goofy izan ziren Portugalgo finalean, Kai Otton eta Nat Young. Lehen postua Kotton australiarrak eskuratu zuen. WCT zirkuitua amaitzeko txapelketa biren faltan Mick Fanningek munduko titulua eskura zezakeen, baina ez zen horrela izan azkenean.
Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
WCT itzuliko bederatzigarren txapelketa egin ostean aurtengo titulua nork eskuratuko duen erabakitzeko txapelketa bakarra falta da, alegia, urtero bezala abenduan Hawaiin egiten den Pipeline Banzai txapelketa mitikoa. Bertan lehiakideek lortzen dituzten emaitzen arabera osatuko da behin betiko rankinga.
Portugalen amaitu berri den txapelketan ezusteko ugari izan dira, lehiakide apalenetakoak gailendu baitira. Bestalde, finalerdietara iritsiz gero munduko titulua eskura zezakeen lehiakidea, Mick Fanning, erdi bidean geratu zen, eta, ondorioz, gainontzeko lehiakide guztiak bezala, jada Pipelinerako prestatzen hasi da.
Munduko titulua
2013ko txapelduna nor izango zen jakiteko aukera zabalik zela hasi zen Portugalgo txapelketa. Finalerdietara iritsiz gero, lortutako puntuei esker munduko titulua eskuratzeko aukera zuen Mick Fanningek, betiere rankingean bigarren postuan den Kelly Slater hirugarren txandan kanporatua izango balitz. Izan ere, kasu horretan, Slaterrek titulua eskuratzeko aukera guztiak galduko lituzkeen.
Ez zen horrela izan, ordea. Slater goiz kanporatu zuten, baina Fanningek ez zuen finalerdietara iristerik lortu. Horrenbestez, egun rankingeko buru gisa jarraitzen du australiarrak 53.100 punturekin. Bigarren postuan Slater aurkitzen da, 45.900 punturekin. Hirugarren postuan, aukera oso gutxirekin, Joel Parkinson dago, 43.700 punturekin.
Beraz, aurtengo titulua eskuratzeko aukera duten lehiakide bakarrak bi dira, Fanning eta Slater. Izan ere, txapelketa batean lortutako emaitzengandik eskuratzen diren puntuak kontutan hartuta, hirugarren postutik behera dauden lehiakideek munduko titulua eskuratzeko inongo aukerarik ez dutela ikus daiteke.
WCT txapelketa batean lehen postua eskuratzen duenak 10.000 puntu irabazten ditu. Bigarren postuan geratzen denak, 8.000 puntu. Hirugarren postua eskuratzen duten bi lehiakidetako bakoitzak 6.500 puntu eskuratzen ditu, eta, azkenik, bosgarren postuan geratzen direnek 5.200 puntu. Hortik aurrera irakurleak aukera desberdin posibleak zeintzuk izan daitezkeen asma dezake, baina irabazlea bakar bat izango da.
WCT itzulian parte har dezaketen 34 lehiakideek goi mailan jarraitzeko borrokan jarraitzen dute, eta WQS mailan diren lehiakideek, berriz, goi mailara igotzeko ahalegin guztiak egiten ari dira. Horixe da, hain zuzen ere, Aritz Aranbururen kasua. Egun, WQS rankingeko 25. postuan dago, eta, 2007an lortu zuen bezala, berriz ere datorren urtean goi mailan izateko aukera asko ditu surflari zarauztarrak.
Otton vs Young
Portugalgo txapelketan orain artean oharkabean pasa diren lehiakideak izan ziren protagonista. Surflari ospetsuenek ez zituzten emaitza onak lortu, eta, hala, urte guztian zehar isil-isilik aritu direnek egin zuten txapelketan aurrera. Adibide esanguratsuena finalean izan ziren bi lehiakideena izan zen, Kai Otton eta Nat Young.
Berriz ere, azken txapelketetan bezala, bi belaunaldi desberdinetako surflariak izan ziren finalean. Kai Otton australiarrak 33 urte ditu dagoeneko, eta, bere arerio izan zen Nat Young estatubatuarrak, berriz, 22 urte besterik ez. Baina Portugalgo finalean izan beste bereizgarri esanguratsu bat zera izan zen: aspaldiko partez bi ezker surflari izan zirela lehian. Ez da batere ohikoa bi goofy finalean ikustea, izan ere, goi mailan lehian ari diren surflarian herena eskuin surflariak, naturalak, dira.
Olatu ederrekin hasi zen 30 minutuko finala, bi metroko olatu borobil eta indartsuek mota guztietako ariketak egiteko aukera ematen baitzuten. Hondartzan, milaka ikusle pilatu ziren ikuskizunaz gozatzeko. Epaileek parez pare aurpegian jotzen zien eguzkiari aurre egin behar izan zioten, baina, hala ere, ez zen final polemikoa izan. Izan ere, azkenean ondo merezitako txapela eskuratu zuen Kai Otton australiarrak.
Pozarren bere aitonari eskaini zion txapela. Honela mintzatu zen irabazlea: «Ulertu ezin dudan sentimendu bat dut. Nire aitonari eskaini nahi nioke garaipena, izan ere, iaz zendu zen eta ez zuen inoiz ni goi mailan lehiatzen ikusteko aukerarik izan. Bera dut gogoan uneotan».
Kai Ottonek olatuen irregulartasuna kontuan izan zuen, izan ere, aldagai hori izan zen segur aski lehiakide guztiak aztoratu zituena. Honela deskribatzen zuen egoera Ottonek: «Marea aldatzen zen bezain pronto olatuak guztiz aldatzen ziren, beraz, inoiz ez zeunden ziur; ez zegoen zer gertatuko zen jakiterik».
Nat Youngek ez zuen final ona egin bere esanetan, baina, hala ere, bigarren postu bat beretzat emaitza txarra denik esaterik ez duela onartu zuen: «Finalak iraun duen ordu erdia etsigarria izan da, ezin izan baitut olatu on bat bera ere hartu. Gora eta behera ibili naiz olatu eder baten bila, eta, azkenerako, leher eginda nengoen. Hala ere, egun ona izan da gaurkoa, bigarren postuak apur bat goibeltzen nau, baina oro har emaitza ona da».
Txapelketa honen ostean finalean ziren bi lehiakideek hiru postu igo dituzte rankingean. Orain, Kai Otton zazpigarren postuan dago sailkapenean, eta, Nat Young, bederatzigarrenean.