GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ziburu Bizi talde abertzaleak berritasuna ekarri nahi du

Pittaka-pittaka, Ipar Euskal Herriko hainbat herritan ezkerreko abertzaleak ere hasi dira herriko bozetarako beren egitasmoen berri ematen. Atzo, Ziburu Bizi taldeak bere zerrendaburua aurkeztu zuen, EH Bairen oinarriekin bat egiten duela eta «berritasuna» ekartzeko bere asmoa adierazita. Hendaian ere, zenbait urrats egin dituzte, «bestelako kudeaketa» posible dela frogatzeko. Abertzale ezkertiarren sentsibilitate ezberdinak batzea erdietsi dute.

p015_f02.jpg

Arantxa MANTEROLA | ZIBURU

Pouloutarren dinastia ezinbesteko patua ez dela konbentzituta, Ziburu Bizi ezkerreko abertzaleen taldeak «berritasuna» ekarri eta «herriko arazoei herritarrekin aurre egiteko» asmoen berri eman zuen atzo, Sokoan egindako agerraldian.

Berritasun horren lekuko da martxoko udal hauteskundeetan aurkeztuko duten zerrenda gidatzeko gazte bat hautatu izana. Eneko Aldana (24 urte) izanen da, hain zuzen, Ziburu Bizi-ren zerrendaburua.

Ezkerreko abertzaleak Ziburuko mugimendu sozialean «aspaldi txertatuak» direla gogoratu zuten berarekin eta beste hainbat herritarrekin han ziren Maialen Tapia eta Ramuntxo Mintegi egungo zinegotziek.

Are, herri lapurtarrean azken 50 urteetan sortu diren hainbat dinamika eta ekimenen iturburu izan direla nabarmendu zuten, esaterako euskara eta kulturarekin lotuta, ikastola, Luma haurtzaindegia edota Pierres Larzabal kolegioa bera ere bai.

Ziburu euskalduna eta herritarra «eta ez elite batzuena» egitea dira beren egitasmoaren ardatzak, hots, «gaur egun UMPkoek, eta beste hein batean bada ere, baita PSkoek ere bultzatzen dutenaren oso bestelakoa». Azken urteetan eramandako politikek «promotoreak» mesedetu, higiezinen eraikuntza neurrigabea ekarri eta Ziburu «balneario» bat bilakatu dutela salatu zuten.

Osatzen ari diren zerrenda, berriz, «orekatua» izanen da. «Auzoak, belaunaldi ezberdinak eta esparru askotariko jendea ordezkatuko duena», erran zuen Aldanak.

Hendaiarrak ere martxan

Hendaian ere bada zenbait hilabete ezkerreko abertzaleak herriko bozetarako prestatzen ari direla. Bil Gaiten dinamikaren haritik zenbait puntu finkatu dituzte jada.

Nagusiena, «azken hamarkadetako desberdintasunen gainetik», Hendaiako ezkerreko abertzaleek bat egin izana da. Bestetik, batasun hori «balio ezkertiar eta ekologistak dituzten beste sentsibilitate batzuei zabaltzea», eta azkenik, programa komun bat lantzea.

«Harreman soziala berpiztea», indar guztiak aktibatzea «etsita dauden herritar askori itxaropena emateko», eguneroko elkarbizitzarako oztopo diren «gatazka txikiak» gainditzeko elkarrizketa iraunkorra abiatzea edota ingurumenaren defentsa eta euskararen garapena sustatzea dira taldearen helburu behinenak.

Finean, Hendaia kudeatzeko bestelako eredu bat landu nahi dute era ireki eta parte-hartzailean auzo kontseiluen eta batzorde berezien bitartez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo