GARA > Idatzia > Kirolak> Futbola

Talde handi baten aurka jokatzeko ametsa gertu dauka Bokalek

J.L.

Bokalek Frantziako Kopako hurrengo kanporaketa jokatuko du, eta Genetsekin zer gertatzen den ikusi bitartean, bera da, oraingoz, lehiaketa horretan geratzen den euskal talde bakarra.

Zuri-beltzak erabat amateurrak dira, eta oso maila apalean ari dira jokatzen. Hori bai, tartean Avironen aritutako jokalari beterano batzuk badaude, eta haiek dira aldea markatzen duten jokalariak.

Atzo arratsaldean Floirac taldearen aurka jokatu zuten etxean, eta 2-2 amaitu zen partida. Azkenean penaltietara jo behar izan zuten, eta etxekoek 4-1 irabazi zuten. Horrek eman zien hurrengo kanporaketan aritzeko txartela lapurtarrei.

Oraindik beste bi kanporaketa gainditu beharko ditu Lehen Mailako talde baten aurka jokatzeko, baina amets hori gero eta gertuago dago Bokalen. Aurretik Bigarren Mailako baten aurka ere joka lezakete, eta aukera hori ere ez litzateke txarra izango.

Frantziako Kopatik kanpo dauden taldeek Akitaniako Kopa jokatu beharko dute orain, eta hor ari da Aviron. Irabaztea dute helburu, baina horretarako kanporaketak gaindituz joan beharko dute. Atzo Soustonsen 2-4 irabazi zuen Baionako taldeak, eta, beraz, hurrengo kanporaketan izango da. Garaipena Ligarako ere ez zaie gaizki etorriko lapurtarrei.

Akitaniako Kopa honetan derbi bat ere izan da asteburuan, eta Biarritzek 0-1 irabazi zuen Donibane Lohizunen, Arin Luzienen aurka. Horrenbestez, hurrengo kanporaketara jokatzeko modua egin zuen.

Aurrera egin duen beste taldea Maule da. Zuberotarrek 2-0 irabazi zioten Bournos Doumy taldeari, eta aurrera egin dute. Zuri-gorriak berriro ere behetik gora abiadan datoz. Urte txarrak pasatu ditu Zuberoako hiriburuko taldeak, eta, orain, dela urte batzuk zuen maila berreskuratu nahi du. Harrobiarekin zuberotarrak egiten ari diren lan bikainak ere badauka zerikusirik. Hiriburuko Ainharak, berriz, kanpoan geratu da 4-0 galduta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo