GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Sokatira | Bizkaiko Txapelketa

Abadiñok lehen txapela lortuta hasi du denboraldia

Berdeek hasieratik erakutsi zuten zergatik ziren faborito argiak.

p044_f01.jpg

Jon LEUNDA

Ez zen ezusterik izan, eta Abadiñok irabazi zuen Bizkaiko Goma Gaineko Txapelketa. 650 kilotan jokatu zen, eta azkenean sei talde aritu ziren, Bermeok ere azkeneko unean parte hartzea erabaki baitzuen.

Lehenengo, ligaxka jokatu zen denak denen aurka, eta aurreneko lau sailkatuek finalerdiak jokatu zituzten. Abadiñok Iparralde menderatu zuen, eta Arratzuk, berriz, Nabarniz.

Ondoren hirugarren eta laugarren posturako lehia jokatu zen, eta Nabarnizek Iparralde mendean hartu zuen, hirugarren postua eskuratuz. Finalean, Abadiñok aurreikuspenak bete eta Arratzuri irabazi zion, txapela jantziz. Bermeok bosgarren amaitu zuen, eta, Gaztedik, azken postuan. Azken talde hori neskekin bakarrik aritu zen lanean.

Aizkora

Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligako azkeneko saioa jokatu zen Leitzan herenegun gauean, eta Aitzol Atutxak mendean hartu zuen Jon Rekondo. Sei lan ezberdin egin behar izan zituen bakoitzak, eta, aurreneko saioetan leitzarra nagusi izan bazen, azkeneko hiru probetan lortutako alde guztia alferrik galdu zuen. 23 minutu eta 15 segundo behar izan zituen Aitzol Atutxak bere lan guztiak amaitzeko, eta Jon Rekondok, berriz, 25 minutu eta 19 segundo.

Dena dela, azkeneko saioa jokatu aurretik dena erabakita zegoen, Floren Nazabalek lehen postua segurtatuta baitzeukan. Azkenean, bigarren Aitzol Atutxa geratu da, eta hirugarren, berriz, Juanjo Lopez. Hiru horiek jokatuko dute Txapeldunen Ligako Kopa. Laugarren postuan Ugaitz Mugertza sailkatu da, eta, bosgarren, Jon Rekondo. Joseba Otaegirentzat izan da azken postua, bere lesioa dela-eta zizurkildarrak ezin izan baitu ia lanik egin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo