«Presondegia sufrimendu fabrika da, mintzen duen tresna bat da»
Preso ohia
1961eko irailaren 7an sortu zen Gabi Mouesca, Baionan. Hamazazpi urtez presondegian egon ondoren, 2001eko uztailean libratu zuten, eta berehala OIP Presondegien Nazioarteko Behatokiko lehendakari kargua hartu zuen. Gaur egun Harrerarentzat ari da lanean. «Borrokak presondegian» liburua argitaratu berri du Zortziko argitaletxearekin.
Ainize BUTRON | BAIONA
«Borrokak presondegian» liburua kaleratu berri du Gabi Mouesca preso ohiak Zortziko argitaletxearekin. Euskaraz eta frantsesez, bi ediziotan argitaratua, liburuak 1985 eta 2000 urte artean, preso zegoelarik, idatzitako hogeita hamahiru testu biltzen ditu. Gutxitan aipatua den presondegiko borroken lekukotasunak ematen ditu bertan. Mouescak argitu zuenez, presondegian bidegabekoaren aurka borrokatu, borrokatzen eta borrokatuko diren guztientzat omenaldi bat da.
Liburuaren 33 testuen bidez, presondegiko borrokak agerian jartzen dituzu. Zerendako horrelako liburu bat?
Biltzen dituen testu guztiek ideia bat agerian jartzen dute: presondegian garelarik bidegabea iruditzen zaigunari ezetz esaten diogu. Kolektiboki edo pertsonalki eramandako borroken lekukotasunak dira. Presondegiko administrazioari ezetz esateko martxan jarri genituen mekanismoak ziren. Gutxi ezagutzen da presondegiaz. Askotan fantasma asko pizten dituen leku bat da. Liburu honek argitasun bat ematea du xede, hau da, Estatu frantseseko 197 presondegietan zuzenbide estatuaren eginbehar eta eskubide berdinak aplikatzen direla erakustea. Bertan, beraien duintasuna, baina, era berean, eskubide indibidual eta kolektiboak defenditu nahi dituzten emakume eta gizonak daudela azaltzen du.
Zer erresistentzia mota bideratzen da presondegian?
Gose grebak, plater ukatze ekintzak, blokeoak eta beste ekintza mota batzuk aipatzen ditu liburuak. Horiek surrealistak izan daitezke kanpoan direnentzat, baina batzuetan, surrealismoa adierazpen askatasuna ez dutenek baliatzen duten arma bat da, zeren, lekukotasun horien gibelean, liburu horren gibelean, presondegian, adierazpen askatasun indibidualik eta kolektiborik ez dagoela ikusten da. Hori da presondegiaren bizitzaren eta egungo funtzionamenduaren zutoinetariko bat.
Borroka horiek aipatzen dituen beste libururik ba al da?
Ez dago presondegietan eramaten diren borrokei buruzko libururik, edo barnean antolatzen diren erresistentziei buruzkoak. Umilki hutsune hori betetzen saiatu naiz. Presondegian borrokatu diren eta direnentzat omenaldia da liburua, eta borroken oroimenen nozioari lotua den idatzia ere bada. Preso gaudelarik memoriarik gabeko bizitza bat eramaten dugu, 9 metro karratutan bizi garelarik ez baitugu deus egiten.
Presondegitik ateratzen garelarik bizi-ez bat eraman dugula iruditzen zaigu. Liburu honek hori ez dela egia erakusten du. Presondegian, sinpleki, bizi gara, borroka faseak bizi ditugu, eta erresistentziari loturiko ekimenak bideratzen ditugu. Erresistentziatik at, herritar aktibitate bat ere badaramagu. Presoek administrazioari ezetz erranez hartzen dituzten arriskuak ezagutzen dituzte, baina, halere, herritar bezala engaiamendu bat izan nahi dute.
Orain dela hamabi urte atera zinen presondegitik. Beharra sentitzen zenuen hori guztia kaleratzeko?
Badago liburuan «Murruen oroimena» izeneko testua. Harleseko presondegi segurtatuan nintzela, kaleratu aurretik egun batzuk geratzen zitzaizkidan. Horma puskatxo bat hautsi nuen, 3 zentimetrokoa. Hori eginez helburu bat nuen: nire bizitzan noizbait gertatzen bazitzaidan nondik pasa nintzen ahaztea, egunero, parez pare, harri puskatxo hori ukanen nuen oroitarazteko. Koadro txiki batean jarri dut, eta etxeko bulegoaren parean daukat. Egunero, begiratzen dudalarik, nire iragan hori eta oraindik milaka jenderen oraina den hori gogorarazten dit... eta ez dut ahantzi nahi. 17 urteko presondegia inposatu didatenei egin diezaiekedan opari txarrena gogoratzea baita. Gogoratu behar da, etengabe, presondegia sufrimendu fabrika bat dela. Presondegia mintzen eta mutilatzen duen tresna bat da, eta horregatik, ihes egiteko, askok bizi izandakoa idatzi behar dute. Nik ez dut horretarako egiten.
Liburuan dauden lekukotasunen artean, zein goraipatuko zenuke ?
Bistan dena, hogeita hamabi eguneko bi gose greba egin ditut, beraz, egunez egun bizi nuena aipatzen dut. Preso edo kanpoan zaudelarik zeure buruari inposatu diezaiokezun gauzarik txarrena da gose greba, zure buruari min egiten diozulako, eta goiz ala berandu, fisikoki ordainduko duzula jakin baitakizu. Bestalde, presondegian, baldintza izugarrietan zendu diren ezagututako jendeak aipatzen ditut ere. Liburuan dauden pasarte gogorrenak horiek dira.
«32 eguneko bi gose greba egin ditut, testuetariko batean, egunez egun, gose greba garaian bizi izan dudana azaltzen dut»
«Presondegian sinpleki, bizi gara, borroka faseak bizi ditugu, eta, erresistentzia ekimenak bideratzen ditugu»