GARA > Idatzia > Euskal Herria

KRONIKA | URRIKO AZKEN ASTELEHENA

Euriak makaldu zuen giroa eta enkanteak berotu zuen: gazta erdia 6.700 euroan

Krisialdiaren eragina ezaguna da Gernikako Urriko Azken Asteleheneko azokan, eta euriak ez zuen atzokoan lagundu. Saltzaileen esanetan, aterkia ez da poltsen lagun. Hala ere, inork galdu nahi ez duen plaza izaten jarraitzen du. Bisitari gutxiagorekin giro aparta, eta enkantean, iaz baino mila euro gehiago ordainduta, Mendata Berria jatetxeak eraman zuen gazta irabazlea.

p014_f01_285x180.jpg

Nerea GOTI

Euriarekin hasi zen goiza eta asko ez baina ia gelditu gabe bota zuen. Hori bisitari kopuruan igarri zen Gernikan. Azken urteetan 100.000 biztanle inguru jaso izan duen azokak atzokoan 60.000 izan zuen, antolatzaileek zabaldutakoaren arabera.

Saltzaileak izan ziren gehien nabaritu zutenak. Saltoki ugaritan galdetu, eta guztietan jaso zuen GARAk erantzun berbera: hotza baino txarragoa da euria. «Guardasola esku batean eraman behar bada eta bestean poltsa... ezin da bete», azaldu zuen Jose Etxebarria gatikarrak. Eta hala eta guzti ere, apurka-apurka saltzen ari zirela aitortu zuen. Askok esaten zuenez, Gernikakoa azoka handia da eta azoka handietan aukera gehiago izaten da saltzeko.

Iñaki Sarrionaindia eta alaba Izarne igorreztarrek Jauregibarrigoikoanbehekoko baratzeko onena eraman zuten atzo Gernikara. Aitak saltokia atontzen zuen bitartean, alabak azaldu zuen ia asteburu guztietan azoketara doazela. Nabarmendu zutenez, salmentak herriaren araberakoak ere badira. «Baserritar asko dagoen herrian ez da asko saltzen, ez dutelako baratzeko produktuak erosi beharrik», eta Gernikakoa «ondo dago», azaldu zutenez.

Sonia Isasi iurretarra sagardoa zerbitzatzen aurkitu, eta uzta berria «oso ona» espero dutela nabarmendu zuen. Orain gutxi hasi da negozioan, baina usainari bakarrik erreparatuta badaki duen produktua ona izango dela. Dioenez, txakolina egiteko asko ez dute izango baina duten gutxia «oso kalitate onekoa izango da».

Baratzerako ere ez da urte ona izan, Jacqueline Sliman kortezubitarrak esan duenez. Iaz izan zen Gernikan saltokia jartzen zuen lehenengo aldia, eta atzoko giroa «flojotxoago» ikusten zuen. Esan zuenez, garai zailak dira eta «asko begiratzen da dirua».

Erakusleiho aparta

Pasealekuan zeuden eskulangileen artean, salmentak ere ez ziren bolanderak botatzekoak. Mª Carmen Irazabal munitibarraren saltokian tamaina eta mota ezberdinetako pilotak zituzten ikusgai, «erremintarako eta eskurako onenak, kautxuaz, artileaz eta ahuntzaren larruz eginak, ez dira biguntzen». Pilotan, eta batez ere zestan zaletasun handia duen herria da Gernika, eta halere ez zegoen saltzeko mugimendu handirik. «Nahiko ahul dago, baina oso azoka ona da pilotarako», onartu zuten saltzaileek.

Gernikan estreinatzen zen atzo Ima Castrillo. «Nire lehenengo azoka inportantea da eta ikusten dudanagatik, bertan saltzeko baino produktuaren erakusleiho ona da hau», azaldu zuenez.

Aldarrikapenei dagokienez, erakusleiho eta bozgorailu ezin hobea ere bada Urriko Azken Astelehena. Seber Altube Ikastolak Gernikak hurrengo Ibilaldia hartuko duela iragarri zuen, eta arreta deitu zuten Eroski eta Fagor-eko finantza ekarpenen kaltetuek, egin zuten manifestazio zaratatsu eta abestutako leloekin.

Ohikoa denez, Gernikan bazen atzo mokadua jan eta tragoa edanda hainbat proiektu eta elkarteri laguntzeko aukera. Elkartasun Txosnarekin batera, Gernika Clubekoan, errugbi taldekoan, Arrupe taldekoan edota zesta eskolakoan. Azken honetan, Eusko Label-en laguntzarekin labeldun osagai guztiak biltzen zituzten hanburgesa txikiak eskaintzen zituzten 3 euroan.

Eguerdi aldera, Lizaso, Egaña eta Colinaren bertsoekin atertu, eta sari banaketarekin berriro agertu zen euria. Saridunen artean ez zen izen berri asko agertu. Barazkietan, sarien bilduma duen Adela Andikoetxea urduliztarrak jaso zuen berriz ere lehendabizikoa; frutetan, Itziar Etxebarria gatikarra izan zen irabazle; eztietan, Valentin Llona zornotzarra; eta loreen atalean, Mari Carmen Alcibar gernikarrak eskuratu zuen saria.

Txakolinetan, Zamudioko Magalarte aukeratu zuten zurian onena, Larrabetzuko Sasines gorrian, eta Lezamako Erdikoetxe, beltzean.

«Gazta, Gernikako urrea»

Gazta izan zen azokako beste protagonista nagusietako bat. Txapelketara 41 gaztagile aurkeztu ziren eta lau sailkatu zituzten epaimahaikideek hizki handiekin, lehenengo saritik laugarrenera: Olaberriako Aizpea, Agiñigako Larrabe, Zabaletako Muniain eta Gereñuko Andikana Anaiak.

Ongintzazko enkantearen atarian, Jose Mari Gorroño Gernikako alkateak, gazta irabazleak 6.000 eurora helduko ote galdetu ziotela-eta, honakoa erantzun zuen: «Ez dakit, baina esan didate iaz irabazi zuenak 10.30erako dena salduta zuela».

Iaz 5.700 euroan geratu zen enkantea, eta atzo Jose Antonio Bastegieta Marko ahotsa galtzeko zorian egon zen Xaibor Diskofesta eta Mendata Berria Bilboko jatetxearen arteko eskaintzen borroka 6.000 eurora heldu zenean. Azkenean, 700 gehiago ematera heldu zen Mendata Berria jatetxea, iaz baino mila euro gehiago ordainduta, «Gernikako urrea gazta bilakatuta», Markoren esanetan. Bigarren izan zen Larrabe gazta erdia 700 euroan eraman zuen enkante bietan gogor aritu zen Xaibor Diskofestak, eta atzo bigarrena eraman zuen iaz bezala baina 700 euro ordainduta.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo