EHKZ sortu da, Ipar Euskal Herriko gazteen tresna komunikatibo berria
Euskal Herriko Kazeta (EHKZ) gazteen komunikaziorako tresna berria izango da. 2014ko otsailaren 1ean jarriko dute abian eta webgune baten bidez, garai berrietara egokitu eta hutsuneak bete asmoz sortu da.
Jon GARMENDIA | BAIONA
Ipar Euskal Herriko gazteak proiektuak sortu eta sendotzen dabiltza azken garaiotan. Honela, hausnarketa sakon baten ondotik, eta komunikazioa gaur egungo gizartearen tresna indartsu bat izaki, EHKZ sortzea deliberatu dute. Aitzinetik, Euskal Herria Zuzenean jaialdiaren karietara agerkari bat atera zuten izen berarekin eta haren itzala baliatuz, ekimen berri bat eman nahi dute argitara. 2014ko otsailaren 1ean aurkeztuko da Euskal Herriko Kazeta, eta hari buruzko xehetasunak irakurgai izanen dira gaurtik goiti www.ehkz.eu atarian.
Atzokoan, Baionako Pannecau karrikan dagoen Point 8 arte galerian aurkeztu zuten proiektua, Ekhi Erremundegi eta Carol Suhas izan ziren argipenen eledun, eta guneari eskerrak emanaz konparaketa bat egin zuen Erremundegik: «Proiektua aurkezteko baliatu dugun galeria hau da gure ekimenak jorratu nahi duen bidearen ispilu, parte-hartzailea delako eta baita alternatiboa ere, sormena erakusteko leku bat baita, eta sortzaileei heien obrak agertzera emateko gunea da aldi berean». Gazteentzat pentsatutako ekimena da komunikazioaren hutsune hori bete asmoz heldu den hau, Carol Suhasek onartu zuen hala ere «ez gatoz gaztea zein den zehaztera, adin eremu zabal batean kokatzen baita gaztearen izaera, baina gazteek bizi dituzten problematika anitzen agerkari izanen da EHKZ, hala nola etxebizitzaren eskuragarritasuna, laguntza sozialak, nortasuna, kultura, hezkuntza... bozkatzen duen edo bozkatuko duen herritar anitzi gutxitan ematen baitzaio hitza gai horien inguruan».
Proiektua elebiduna izanen da, euskara eta frantsesak izanen dute presentzia, eta ez du ideologizazio finkorik izanen, ez behintzat aniztasuna adierazten ez duenik, «adierazpen eremu aske bat eskaini nahi genieke Ipar Euskal Herriko gazteei, hasi Gazte komunistetatik eta UMPko gazteetaraino iritsiz, asteburu honetan sortuko den gazte ezkertiar eta abertzaleen erakundearekin batera. Politikaz, sozial arloaz, kulturaz edota kirolaz interesatua den gazteak, besteak beste, elkarrizketak, erreportajeak, blogak, iritzi artikuluak eta eztabaidak aurkituko ditu EHKZ webgunean», aipatu zuen Erremundegik.
Baina ez da soilik heiek eskainitako berrietara mugatuko webgunea, kazetariak, argazkilariak, marrazkilariak, eta artistak elkarlanean eman nahi baitituzte, «blogarien tartea, eskaintza kulturalena eta kirolaren tarteaz gain bakoitzaren ekarpen libreaz elikatuko dugun sortzaileen txoko bat ere izanen da, dela bertsuen bidez dela margoekin edo poema batekin», azaldu zuen Suhasek.
Ipar Euskal Herriko eragile politiko, sozial eta instituzional nagusiekin biltzeko asmoa agertu zuten atzotik beretik, eta baita festa komite, gaztetxe, edota Bizi! bezalako antolakunde alternatiboekin ere. Hau guztia bideragarri egiteko 5 euroko harpidetzak jarri dituzte abian, eta diru beharrak asetzeko egitasmoak antolatzeko asmoa dute, egun osoz kazetari lanetan jarduteko postu baten bermatzea baitute begi puntuan, eta kolaborazioekin jarduteko itxaropena.
5 euroko harpidetzak jarri dituzte abian, egun osoz kazetari lanetan jarduteko postu baten bermatzea baitute begi puntuan.