GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Zigorra luzatu dieten presoak ere biktimak dira

Zenbait alderdi eta hedabide espainiarrek tematuta jarraitzen dute Estrasburgoko Auzitegiaren epaiaren aurka, biktimen izenean. Ebazpen horrek, ordea, lege-hauste bat zuzendu baino ez du egin, lege-hauste horren biktimen egoera bidegabea, berandu bada ere, ahalik lasterren bukatzeko aginduta. Berandu, momentuz askatu dituzten bi presoek, Ines del Riok eta Juan Manuel Pirizek legez behar zutena baino bost eta lau urte gehiago bete baitituzte, hurrenez hurren. Hogeinatik gora urte bete ondoren, legez kanpoko zigor hori ezartzea ankerkeria nabarmena da, eta hainbat euskal preso, tartean Ines del Rio eta Juan Manuel Piriz, haren biktimak.

PPk, dagoeneko UPNk, Tafallan, eta DNE ultraeskuindarrak, Garinoainen, egin duten bezala, euskal preso ohi horien aurkako mozioak aurkezteko asmoa agertu du, persona non grata izendatzeko eskatuta. Propaganda ariketa baino ez da PPren hori, baina bide batez, berak sakratutzat duen Konstituzioaren aurkako jarrera erakusten du, lagun horiek tribunalek ezarritako zigorra bete baitute; zigor hori ez ezik, askoz handiago bat ere bai. Eta legez kanpoko zigorra jasan izanaren erantzule nagusia, hain zuzen, PP da; beraz, biktima horien aurkako mozioak aurkeztu baino lehen, bere erantzukizuna onartu beharko luke, are gehiago duela urtebetetik doktrina horren aurkako epaiaren berri izanda.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo