GARA > Idatzia > Kultura

Euskal komikiaren alde ironikoa, Nacho Fernandezen eskutik

Donostiako XXIV. Beldurrezko eta Fantasiazko Zinema Astearen baitan euskal komikigintzari txoko bat eskaintzen dioten bederatzigarren aldia da. Oraingoan, Nacho Fernandez bilbotarrari egokitu zaio Euskadi Fantastikoa erakusketa prestatzea. Bertan, bere irudirik ironikoenak biltzen dira, tartean «Dragon Fall» edo «Los paladines del horoscopo» parodiak.

p048_f01.jpg

Nagore BELASTEGI | DONOSTIA

Hogei urte pasatu dira Nacho Fernandez «Dragoi bola» telesail eta komiki japoniarraren parodia egiten hasi zenetik. Klaseko lagunekin ondo pasatzeko egiten zuen fanzinea izatetik, hiru urtean zehar milaka irakurlek gozatu zituzten istorioak izatera iritsi ziren. «Hilean 30 orrialde entregatu behar nizkion Camaleon Ediciones argitaletxeari, guztira 40 zenbaki kaleratu zituzten, eta amaiera data bat jarri behar izan genuen nekatuta nengoelako», aipatu zuen komikigile bilbotarrak Donostiako XXIV. Beldurrezko eta Fantasiazko Zinema Astearen barruan antolatu duten erakusketaren aurkezpenean.

Honakoa bederatzigarren aldia da Euskadi Fantastikoa martxan jartzen dutena, egile euskaldunak zein Euskal Herrian aritzen diren egileen laguntzarekin. Fernandezen lanak Alderdi Ederreko liburutegian ikus daitezke azaroaren 16ra arte, eta gero Iruneko Ikust-alai liburutegira eramango dituzte; liburutegi hauetan komikiak leku berezi bat dauka apaletan, genero literario gisa.

Lan guztiak originalak dira, hau da, arkatz urdinez eskuz egindako zirriborroa eta gaineko tinta gertutik ikusteko aukera dago, komiki baten sorkuntza hasieratik ikasteko. Koloreztatzea, berriz, digitalki egiten du, Photoshop-ez, beraz, kolorea daramaten orrialdeak inpresioak dira. «Kide askok jada ordenagailuarekin egiten dute dena, Wacom tabletan zuzenean marraztuz, baina niri kosta egiten zait, behar dut zerbait fisikoa izatea», azaldu zuen.

Fernandezek marrazki eta pintura eskola batean ikasi zuen Bilbon, eta gero Gasteizen animazioan murgildu zen. «Nahiz eta nire marrazkiak estatikoak izan, animazioaz asko ikasten da». Era berean, marrazkilari handien lanak ikusiz ikasi zuen eta hori bere marrazkietan nabari da: Ibañez, Jan, Japoniako manga estiloa, Asterix edo Tintin bezalako pertsonaiak...

Publiko zehatz eta murritza

Egileak aipatu bezala, erakusketak ibilbide kronologikoari jarraitzen dio, berrienetik zaharrenera. Fernandezen azken lanekin hasten da bere hasierako marrazkiekin amaitu arte, «Dragon Fall» parodiarekin, alegia. «ETBn `Dragoi bola' ematen zuten eta asko gustatzen zitzaidan arte martzialen inguruko umorezko istorio bat zelako. Hurrengo atala `Dragoi bola Z' izan zen, eta hau superheroien tankera hartzen hasi zen eta klaseko lagunei ez zitzaigun batere gustatzen, hortaz, parodia bat egitea erabaki nuen». Parodia hark sekulako arrakasta izan zuen.

Lan horrekin amaitzean, beste parodia bati ekin zion, baina erritmo lasaiagoan egiteko asmoz. «Zodiakoko zaldunak» komikia oinarrian harturik eta bertako pertsonaiak bere gustura moldatuz, «Los paladines del horoscopo» lana sortu zuen eta Panini argitaletxe italiarrarekin kaleratu zuen. Sail honen bigarren atala ere prest omen dauka, baina argitaletxearekin ez du ezer zehaztu oraindik; Panini hain argitaletxe handia izanik -kromoak saltzetik Europa mailan Marvel konpainiaren eskubideak kudeatzera iritsi zen- komikiak argitaratzen dituenean ale kopuru handiak ateratzen ditu, baina Fernandezen lanak publiko zehatz eta mugatu bati zuzendurikoak dira, eta ez dauka zentzurik hainbeste ale inprimatzeak. Horregatik, «Los paladines del horoscopo»-ren bigarren alea kaleratzeko, editore txiki batekin ari da hizketan. Ale kopuru txikia izan arren, nazioarte mailan ikusgarritasuna izatea da bere helburua.

Bitartean, Paninirekin duen beste konpromiso batean ari da lanean: «Aleix Salók egiten dituen liburuen moduko lan bat eskatu zidaten -`Simiocracia', `Españistan'- baina azaldu nien nik ez dudala halakorik egiten, nire estiloa bestelakoa dela». Honela, osasun publikoaren inguruko kritika egiten duen «Tiritas y tijeras» nobela grafikoan ari da lanean. «Sakratuak diren gauzez barre egiteko gai gara, baina edozein tontakeriarengatik borrokatu gaitezke», salatu zuen marrazkilariak.

«EL SUPERGRUPO»

Francisco Perez Navarro historiagilearekin batera «El Supergrupo» komikiko pertsonaien banakako istorioak egin zituen, hain arrakastatsua izan zen komikiaren «spin off» moduan.

111 ahots «Lifeforce» filmaren inguruan

Beldurrezko eta Fantasiazko Zinema Asteko aurtengo ekoizpen etxe gonbidatua Cannon da. 80ko hamarkadan ospe handia izan zuten filmak egin zituen 1993. urtean desagertu zen arte. Hala ere, Chuck Norris protagonista zituen filmak («Invasion U.S.A.», «Missing in action»), «Superman IV» edo «Masters of the univers» bezalako lanen legatua utzi zigun. Horien artean dago «Lifeforce» (1985) zientzia fikziozko filma ere, aurtengo jaialdian aipamen berezia merezi duena. Cannon zikloko film guztiak Victoria Eugenia antzokian proiektatuko badira ere, Tobe Hooperrek zuzenduriko hau Antzoki Zaharrean ikusi ahal izango da gaurko Halloween maratoian (00.30etik aurrera), jarraitzaileen gozamenerako.

Era berean, Belleza Infinita argitaletxearekin kaleratu duten «Lifeforce, minuto a minuto» liburua aurkeztu dute. Honakoa ez da Cannon ekoizpen etxearen film mitikoaren inguruan aritzen den liburu arrunta: Marcos Urquijok, Jorge Nuñezek eta Carlos Martinezek filmaren 111 minutuko kopia bat hautatu eta 111 pertsonei minutu bat bidali zieten, zozketaz. Bakoitzak filmaren osotasuna kontuan izan gabe ikusitakoaren inguruko testu bat idatzi behar zuen. «Konturatu nintzen zinema kritikariek filmen argumentua orokorrean aztertzen zutela, eta niri atentzioa deitzen zidaten xehetasunak ez zituztela aipatzen. Honela, halabeharrez aipatu behar dira xehetasunak minutu batean besterik ez dagoelako», azaldu zuen Urquijok. Emaitza filma hasieratik bukaerara aztertzen duen liburu bat da. Autore bakoitzak nahi zuen estiloa erabili zuen (poesia, deskribapena, narrazioa...), nahi zuen luzeran egin zuen (zazpi orrialdeko testu bat dago eta lerro bakarrekoa) eta nahi zuen hizkuntzan (euskarazko bost testu daude). N.B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo