GARA > Idatzia > Kultura

Musikaren mugak

Ritxi AIZPURU | Musika argitaratzailea

Naturaren mugak bizitzak jarri ohi ditu. Bizi aurretik ez gara ezer. Bizi ondoren berriro iritsiko gara ezer ez izatera. Beraz, bizitzaren alboetan ezereza dugu. Gero, erlijio monoteistak etorri dira, eta gizakien bizitzari data historikoa jarri diote Adanen sorrerarekin. Gizakia hasi da existitzen jainko batek aginduta edo sortuta. Zientziak azaldu du hautespen naturalaren eraginez eboluzioaren teoria. Darwinen espezien jatorritik, eboluzioaren teoriak geneen zeharkako transferentziara garamatza, eta, finean, biologia molekularrarekin egingo dugu topo. Espezieen eboluzioan, boterea nahi duten gizaki batzuek erabaki dute erlijioak garatzea. Gainontzeko animaliek ez dute inbentatu erlijiorik. Horregatik denontzat balio duen praktika da ezereza-bizitza-ezereza. Hor dago bizitzaren muga. Berri Txarrak taldeak «jaio, bizi, hil» izenburua eman zion disko bati. Ogien erdian dago muina, bizitza. Musika hasi eta bukatu egiten da. Abestiaren aurretik isilunea, bukatutakoan isiltasuna, eta bitartean, musika. Musikaren mugak. Gero azalduko zaizkio musikari gainontzeko mugak. Morauk bota zuen adibide bat: entzuleria mugatukoak. Mikel Laboa Katedrak Laboari buruzko jardunaldiak antolatu ditu. E. Irratiak egindako elkarrizketan, elkarrizketatzaileak argudiatu zuen ez zela posible Laboaren berri ez duen jendea egotea Euskal Herrian, Laboak utzitako ondarea ahaztezina dela guretzat. Egia. Lou Reed kantariaren heriotzaren lehen berria Manriqueri irakurri nion eta artikuluan belaunaldien arteko sinkronia ezak adierazten omen du zergatik 1986an AEBetan Reed-i buruz galdetuta kalean ea ezagutzen zuten, askok ezezko erantzuna eman zuten. Denok gara mugatuak, baina batzuen jardunak beste batzuenak baino ospe gehiago izango du. Reed-Laboa, bi horiek, derrigor.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo