GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Hor konpost!

Halako susmo gazi-gozoa hartu dut egunotan, euskal prentsa eskuan. Gozoa batetik, iragarki gehiago nabaritu baitut orrietan; «murrizketaz murrizketa ekonomia suspertzen ari diren seinale!» pentsatu dut, edo. Gazia bestetik, iragarki berri guztiak ehorztetxeenak baitziren, suspertzerik ez duena izan baden seinale! Akabo! bizitza, kasu honetan. Domu Santu eguna, kanposantuen eguna. Litekeena da lurpeko batzuk damu izatea honezkero, lur gaineko ibilaldian egin ez zutenaz damu, edota ordua helduta errauts bihurtu ez izanaz damu. Litekeena ere lur gaineko batzuk damu izatea honezkero, lurpean dagoenari lur eman aurretik behar besteko beroa eman ez izanaz damu, eta ez bakarrik ordua helduta. Hortaz, damu eguna, santuak aparte utzita. Ama, ama! alde handia, bai, jaioterritik hilerrira! Tira, harira! hilobira! Egunotan urteroko eztabaida ageri zaigu, urterokoa denez aurten ere. Hil eta gero zer? zulora ala labera? Jaurlaritzako hainbatek «zulora!» esango bide du, xuxurlatuko du, barru-barrutik eta larru-larrutik esan ere: «Zulora, galdu barik denbora!», pentsatuta hainbat milioi urte pasatu ondoren, hausturak haustura, gas ez konbentzionala izango dela bertan, hilobia gas-hobi bihurtuta. Kaleko beste hainbatek, ostera: «Labera, azken arnasarekin batera!» esango du, errauts bihurtuta «hor konpost!» esate aldera.

Ene, ene! Orriak pasatzen segitu eta hara! Politika orriak! Kolpea gero! Zentralitatearen izen eta izanean hemengo alderdi batzuk marxista bilakatzen ari ote diren nago; oker beharbada, analista politikoa ez naizenez gero. Marxista, bai, anaia haien bidekoak, eta ez prezisamente kabinaren irudiak gogoan gozagarri ditudalako, anaia berritsuenak botatako esaldi xelebre eta gogoangarri batengatik baizik: «Hauexek dira nire printzipioak, gustukoak ez badituzu bestelakoak ere baditut». A! zein gauza handia den politikan zentralitatea! Hortaz, zergatik dago beti zentroa eskuman? E? E? Eeee (gorrentzat)? Akabo! Nago ni, transgenikoez beteta daudela politika ofizialeko printzipioak. Helburu eta helbide argien beldur, abiapuntuen errotondan geldi. Zorabiatu daitezela bakarrik! Besteok, errotonda utzi eta atzekoz aurrera aritzera behartuta gaude, printzipioek finalaren bidea marratu dezaten, etengabe.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo