GARA > Idatzia > Euskal Herria

EIPK-k Aranalderi babesa eman, eta eragileekin bilduko dela iragarri du

Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak (EIPK) «babes irmo eta goxoa» helarazi dio Jokin Aranalde kolektiboko mintzaideari, eta bere balizko kanporatze eta kartzelatzearen aitzinean hartu duen intsumisio jarrerari ere. Ekainean Biarritzen egindako proposamena berretsi du.

GARA | BAIONA

«Jokinekin gaude, bat egiten dugu berak hartu duen erabakiarekin, eta ondoan izanen gaitu; are, gu ere Jokin gara, lehen euskal iheslari politikotik azkenerainoko bide luze horretan». Hala adierazi du Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak (EIPK) bere bozeramaile Jokin Aranalderi babesa erakusteko idatzitako agirian.

Bertan azaltzen dutenez, «lege eta epaile arrotzak ez dira nor gu epaitu eta zigortzeko, gure epaile bakarra gure herria da». Horregatik egiten diote dei herriari, baita laguntza eskatzen ere, Aranalderen eta euskal iheslarien defentsan.

Joan den ekainaren 15ean, Biarritzeko Irati Erakustazokan, euskal iheslari politikoen gaia era orokor eta ordenatuan konpontzeko proposamena plazaratu zuen kolektiboak, eta han marraztutako bideari eusten diotela agertzen dute komunikatuan. Proposamen hori aitzinera eramateko desberdinen arteko akordio politikoak beharrezkoak direla badakitela eransten dute. Bide honetan, beren jarrera berresten dute, eta puntu labur horiek oroitarazi.

Biarritzeko eskaerak

Alde batetik, tortura bidezko deklarazioetan oinarritutako prozedura judizialak eta, ondorioz, horietatik eratorritako atxilotze aginduak zein euroagindu eta estradizioak bertan behera uzteko eskatzen dute. Nazioarte mailan, Estatu espainolean euskal auziarekin loturiko atxiloketetan tortura erabiltzen dela onartua dagoela azpimarratzen dute, gainera.

Bestalde, legedi arruntean oinarritutako arauetan jada artxibatuta eta amaituta egon beharko luketen prozedura judizialak bertan behera uzteko exijitzen dute, baita iritzi, adierazpen eta elkartze eskubideen aurka irekitako prozedura judizialak eta, ondorioz, horietatik eratorritako atxilotze aginduak zein euroagindu eta estradizioak ere.

Munduko herrialde ugaritan deportatuta eta konfinatuta dauden euskal herritarren mugimendu askatasuna bermatzeko ere eskatzen dute, egoera horiei amaiera emateko.

Idatziaren amaieran, ez direla «beso gurutzaturik gertaeren beha egonen» ziurtatzen dute, eta Jokin Aranalderen auziaren inguruan nahiz konponbiderako proposamena garatzeko, aitzinera segituko dutela adierazten dute.

Konponbide prozesuak guztien beharra duela eta iheslariek beren konpromiso sendo eta argia eskaintzen diotela nabarmentzen dute. Herriaren beharra ere badu konponbideak, kolektibo honen gisan: «Herria da gure berme, gure babes, herria da gure arnas», diote.

bilerak

Kolektiboak epe laburrean eragileekin «harremanak estutzeko eta sendotzeko bidean» bira bati hasiera emanen dio. Ahalik eta ordezkari politiko eta sozial gehienekin biltzea du xede, «konponbiderako proposamena» garatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo