GARA > Idatzia > Euskal Herria

Baionako auzitegiak 121 maizterren kaleratzea agindu du urte hasieratik

Krisi ekonomikoaren eraginez, alokairuan bizi diren pertsonen prekarietatea gero eta ageriago da Ipar Euskal Herrian ere. Azken bost urteotan, alokairua ordaintzeari utzi ostean, etxe-jabeek beren maizterrak kaleratzeko epaitegietan egindako eskaerak bikoiztu egin dira.

p015_f02ONA.jpg

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

Diru sarrera eskasia gogor kolpatzen ari da herritar asko, baita Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoan ere. Baionako Auzitegiak urte hasieratik hona 300 kanporatze eskaera jaso ditu. Bertatik adierazi dutenez, «egoera ekonomiko larriak zerikusi zuzena du» igoera horretan.

Diru iturri oso urriak dituzten askok -diru sarrerak bermatzeko errenta (RSA) jasotzen dutenek, bereziki- gero eta zailtasun handiagoak dituzte beren sarreren gehiengoa etxeko alokairua ordaintzera bideratzeko eta ordainketak eten egiten dituzte. Horren ondorioz, maizterrak kaleratzeko eskaerak biderkatu egin dira.

Bakarrik bizi diren gizonezkoak izan ohi dira kaleratu gehienak. Langabeziak jotako edo dibortziatutako dexente daude tartean, baina familia dutenak edota lehen enplegu finko bat lortzen ez duten gazteak ere bai.

Kaleratze prozeduren kopurua emendatzeak ez ezik, familien gehiegizko zorpetzearen Behatokiak bildutako datuek ere berresten dute prekarizazio joera hori.

Neguan, lasai

Aurten dagoeneko 121 kaleratze agindu ditu Baionako Auzitegiak. Alta, orain artean egiaz gauzatu ez direnak, hurrengo udaberrira arte ezin izango dira egin. Izan ere, joan den larunbataz geroztik, «neguko menia» delakoa indarren da Estatu frantsesean.

Emaus fundazioa sortu zuen Pierre abadeak sustatutako dispositibo berezia da «neguko menia». 1991n legez onartu zenetik, negu oro abian jartzen da azaroaren 1ean.

Lege horren ondorioz, inor ezin da bere bizitokitik bota -ez maizter berankorrik ezta mailegua ez ordaintzeagatik etxea enbargatu dioten jaberik ere-, martxoaren 15era arte. Beraz, orain artean kanporatuak izan ez direnak datozen lau hilabete eta erdiz lasai gera daitezke beren etxeetan.

Aurten gainera, berrikuntza bat gehitu diote dispositiboari. Hala, epe horretan ezingo zaie argindarra, ura eta gasaren hornidura eten fakturak ordaindu ez izateagatik.

Neguko menia ez betetzeko salbuespen batzuk badira, halere. Esaterako, arriskuan deklaratutako eraikinetan bizi direnen kasuan, edo ikasle bizitokia alokairuan dutenen kasuan horretarako baldintzak jada betetzen ez badituzte, edota «okupen» kasuan kaleratze aginduak gauzatu daitezke neguan ere.

BERRIKUNTZA

Aurten «neguko menia» sasoian, epaileen kaleratze agindua gauzatzeko ohiko debekuaz gain, ezin izango da argindarra, gasa edo ur hornidura eten fakturak ordaindu ez izateagatik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo