GARA > Idatzia > Kultura

Governors gizartea esnatu guran dator «Morphinapolis» lanarekin

JSang arrasatearrak gidatzen duen boskoteak laugarren lana plazaratu berri du Baga Bigan. Bizi gaituen egoeraren isla, hitzetan gordin eta ilun samarra den lanak «Frenetikodrome» eta «Collage» aurreko diskoen arteko uztarketa izan nahi du. Lehen kontzertua azaroaren 30ean emango dute Donostian, eta abenduaren 21ean Durangoko Plateruena zapaldu ondoren, urtea Atarrabiako Hatortxu Rock jaialdian itxiko dute, abenduaren 28an.

p045_f01.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

Governors taldeak «Morphinapolis» (Baga Biga) aurkeztu berri du, 2006an taldea sortu zenetik eman duen laugarren lana. Ritxi Aizpuru argitaratzailearen esanetan, «aurpegi alaia ez izan arren, begikotasuna lortzen duen eta erakargarri suertatzen den boskotea da JSang kantariak gidatzen duen Governors, gorputza zurrupatu eta desioak harrapatzen dituena».

Lan berrian aurreko bien arteko uztarketa egin gura izan du taldeak; «Frenetikodrome» aspaldikoaren indarra eta «Collage» hurbilagokoaren melodia batuta. Aizpururen aburuz, horiexek dira-eta Governorsen ezaugarririk apartekoenak. «Pisu handiko rock indartsua lantzen dute, metalean lerratua, eta horrek norbait uxa dezakeen arren, ahotsen melodiek leuntzen dute», kontrapuntu modura.

«Inon baden esnaturiko herririk» galdetzen du taldeak diskoari izenburua ematen dion kantan, «ez baitago erreakziorik!». Bide beretik, «morfinaz betetako gizarteari ez zaio geratzen lo egitea baino» idatzi du Aizpuruk promozio orrian, bere esanetan Governors kontrako efektua eragitera badator ere, «aktibo bilakatzera».

«Morphinapolis» lan iluna da, diseinutik hasita; «hitzak ere gordinagoak ditu, ezin baitugu bizi gaituen momentutik ihes egin. Gure ikuspuntutik bada ere, inguruan duguna islatzea da gure nahia», dio JSang taldeko buruak.

Eskarmentu handiko musikaria, arrasatearrak 2012ko urri partean ekin zion lan berria ontzeari. «Esku artean hogeita lau kanta inguru izatera heldu nintzen»; talde lanean aukeraketa eginda, horietako hamaika gorde dituzte lanean. Hitzetan makina bat lagunen partaidetza izan dute; adibidez, Aiert Goenaga ondarroarrak hartu du ardura nagusia, bereak baitira hamaikatik bost; «taldeak pasa zidan zerrenda batetik gaiak hautatu eta Jsang-en doinuen metrikari egokituak». Mikel Etxaburu herrikideak egin ditu beste bi, eta bana Eider Zumalde eta Iñaki Vinasprek. Bigarren honek «Ahaztuen abestia», saharar herriari buruzkoa; eta lehenak, «Harresia», Herri-Harresiari eskainia.

«Morphinapolis» 2013ko udan, uztail-abuztu artean, grabatu zuten Usurbilgo Higain estudioan, Haritz Harreguyren gidaritzapean. Soinu teknikariak lehen diskotik ezagutzen du taldea eta «Governors gehien ezagutzen duena da; apustu segurua», taldekideen hitzetan. Behin lan berria argitara emanda, eta Enkore taldeko Urtzi Iza gitarran dela, boskotea zuzenean jotzeko irrikaz omen dago; eta beti bezala, eta ahal den neurrian, entzumenerako ez ezik, ikusmenerako ere adierazgarri gertatuko den eszenografia atontzen dabiltza egun, «bisualki ere jendearen arreta geureganatzeko asmoz».

Fitxa

Izenburua: »Morphinapolis».

Diskoetxea: Baga Biga.

Prezioa:

11 euro (BEZik gabe). www.baga-biga.com webgunean eros daiteke.

BERRIZ HATORTXURA

Azaroaren 30ean emango dute lehenengo kontzertua Donostian. Abenduaren 21ean Durangon izango dira eta 28an, Hatortxu Rocken (Atarrabian). Jaialdiaren hamargarren edizioko «Kristal kolpatuak» kanta beraiek egin zuten.

LAGUNAK

Lagun ugarik hartu dute parte diskoan, bai grabatzeko garaian bai arlo teknikoan laguntzeko, tartean, Napoka Iriako Miren Narbaiza, Koldo Uriarte teklatu jotzailea, S.A.-ko Jimmy, Aitor Antruejo gitarrista eta Nestor Urdanpilleta diseinatzailea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo