GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Janire Uriarte Euskal Herria Bildu

Igeldotarren hitza entzun

Afera nagusia ez da Igeldo udalerri izatea edo ez; aitzitik, arazo larriena igeldotarrek zer izan nahi duten erabakitzeko biderik ez izatea da

Eman hitza herriari», aspaldikoa izanagatik ere, gaurkotasunik galdu ez duen leloa da gurean. Hitza hartzeko aukera gutxi du izaten herriak, lau urtean behin hautestontzietara joatea izan ohi da modu bakarra. Orain artean, arduradun politikoek emaitza hauen arabera hautatuak izateagatik, aginte osoa hartzeko zilegitasuna eman diote beren buruari. Lau urtean behin hautatuak izateaz harago, agintariek edo, hobeki esanda, arduradun politikoek herritarren nahiak eta beharrak legealdi osoan zehar presente izan beharko lituzkete. Instituzioak zuzentzen dituzten arduradun hauek herritarrek gardentasunez eta modu kolektiboan hartutako erabakien dinamizatzaile eta kudeatzaile izan beharko lukete. Baina horretarako herritarrei hitza emateko eta herritarren eta instituzioen arteko zubiak eraikitzeko tresna berriak sortu behar ditugu.

Ordezkaritza hutsean oinarritutako kultura politiko hau aldatzeko, bide luze bezain oparoa dugu parez pare. EH Bildutik bide horretan aurrera egiteko determinazioz ari gara lanean. Herritarren parte hartzea oinarri duen eredu politiko berria garatzen ari gara instituzio ezberdinetan. Parte hartze zuzenari bide berriak irekitzea instituzioetatik egin beharreko lanaren ipar bilakatu behar dugu. Instituzioetatik herritarren parte hartzea etengabe bultzatu behar dugu, baina ez une edo egitasmo zehatz batzuen inguruan herritarren iritzia entzuteko soilik, baizik eta herritarrek erabakietan zuzenean eragiteko ahalmena izan dezaten. Hau guztia egia bihurtzeko, arduradun politiko zein herritarrok, praktikatzea edo aritzea behar dugu. Aldarrikapenetatik harago, herritarren partaidetza oinarri duen kultura politiko berria geureganatzeko. Norabide hau etengabe garatzen joan behar dugu, eta horregatik, Igeldoko herri-kontsulta bide honetan beste urrats praktiko bat dela ikusten dugu.

Ez da berria Igeldoko herritarrek Gipuzkoako 89. udalerria izateko duten nahia. Urte luzez ekimen ugari egin dute aldarrikapen hau entzunarazteko. Baina afera nagusia ez da Igeldo udalerri izatea edo ez; aitzitik, arazo larriena igeldotarrek zer izan nahi duten erabakitzeko biderik ez izatea da. 1994an Igeldon egin zen kontsultan, igeldotarrek herri gisa eratzeko borondatea argi adierazi zuten; garai hartako agintariek, ordea, ez zuten herritarren hitza errespetatu nahi izan. Urte asko pasa diren arren, gaur artean galdeketa hau egiteko tresna edo aukerarik ez zaie eskaini herritar horiei. Horregatik, txalotzekoa da herritarren eskaerari bide emanez Aldundiak ireki duen aukera. Aipatzekoa da ere, galdeketa soilaz harago, irailetik hona herri partaidetza prozesu oso bat garatu dela Igeldon. Honela, herri gisa Igeldok dituen aukerak eta kontsultaren ezagugarriez informazioa partekatzeko aukera izan dute bizilagunek.

Herri partaidetzaren bidea emankorra izaten ari bada ere, badira aldaketa hau gauzatzea ekidin nahi duten sektoreak. Igeldoren aferarekin agerian gelditzen ari da herriak hitza hartzearen beldur direla PP, PNV eta PSE. Herritarren hitzaren eta joko arau guztien gainetik, informazioa desitxuratuz dihardute etengabean, herri partaidetzari, kontsultari eta, honekin batera, igeldotarren hitzari bidea ixteko helburuarekin. Arduragabe deritzogu herri borondatearen aurrean darabilten jokabide honi.

Herritarrak ikusle ez eta aktore diren hirian sinesten dugu guk. Eta honetarako, ezinbestean, herritarrei beraien beharrei erantzuteko eta erabakietan parte hartzeko tresnak eskaini behar zaizkie, ondoren, beraien borondatea errespetatua izan dadin. Dagoeneko badugu ariketa edo urrats praktiko bat agendan, azaroaren 10ean Igeldon egingo den herri galdeketa. Egun horretan, herritarrek arduradun politikoei beraien nahia adieraziko diete. Guretzat kontsultaren emaitzarik onena bertan igeldotar guztiek parte hartzea izango da. Igeldotarren hitza entzun nahi dugulako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo