Fredi Paia Bertsolaria
Gizarte orubea
Behin eta berriz, jatorria non duten argi ez dakigun eta buruan ideia ezberdinak sortzen dizkiguten informazioak heltzen zaizkigu, hain gureak izateagatik aitortu ezin ditugun gauzetan pentsatzen gabiltzan bitartean
Arriluzeko olatu-horma gainean nengoen, Kantauriren haserre zipriztinak saihesten, Domu Santuru osteko ilbeherari begira. Lurrarekin bat bizi direnek diote lurra sasoi honetan lo dagoela. Horregatik, inausteko sasoirik onena ei da. Lurra berriz esnatu aurretik idorturik geratu zaizkigun zatiak, bizitzan aurrera egiteko balio ez digutenak ebakitzeko aroa da. Derrigorrez ilbeheran, landareek ordura arte bere zati zena galdu eta negarrik gutxien egiten duten sasoian. Gurean, zuhaitzen odolari negarra esaten zaio eta.
Clint Eastwood-entzat hippikeriak liratekeen ilbeherotan nenbilela, «negua heldu da eta zure begiak ditu» entzun nuen bizkarretik. Ahotsak Adele kantaria gogorarazi zidan, «I hate to turn up out of the blue, uninvited» esaten (gorroto dut bat-batean eta gonbidapen barik heltzea), ezin egokiago, itsaso bluearen aurrean. Baina hitzek Cesare Paveseren usaina zeukaten, «Heriotza helduko da eta zure begiak izango ditu» idatzi zuenean.
Iruditzen zait komunikazio, informazio eta jakintzaren gizarte honetan horrela sentitzen garela sarritan. Behin eta berriz, jatorria non duten argi ez dakigun eta buruan ideia ezberdinak sortzen dizkiguten informazioak heltzen zaizkigu, hain gureak izateagatik aitortu ezin ditugun gauzetan pentsatzen gabiltzan bitartean.
Bando jotzailearen danborrak astean behin interferitzen zituen gure pentsamenduak, herriko plazatik hurbil bizi baginen. Hortik gure nahieran pizten genituen irrati-telebistara, lanean gabiltzala tirora gauzkan e-postara eta azkenik, etengabe gainean daroagunez kanpo informazio jasara kondenatzen gaituen Internet konexiodun mobileraino heldu gara. Interferentzia etengabean bizi gara, gure barrutik kanpora eta kanpotik barrura datorren informazioa argi bereizi ezinik, DNAren forma daukan espiral informatibo dinamiko batean kateaturik. Ondorioz, eta ene ustez beste behin ere, gure barruaren eta kanpoaren arteko mugak ondo bereizi ezinik gabiltza.
Baina muga hori ulertzea, eta kokatzea, ezinbestekoa da gizakiarentzat. Babes neurri bezala gizakiaren moral bikoitzaren aduana ezartzen baitu, esperientziak ondo tratatu dituen kasu gutxi batzuen salbuespenarekin, gure ontasunaren mugak ezartzen ditu. Egoera berdin baten aurrean gure jokaera ez baitu soilik gure izaerak determinatzen. Zeina gure balio idealek (guretzat egoeraren bestaldean bageunde nahiko genukeenak), irakaspen moralizatzaileek eta esperientziek definitzen duten. Bigarren aldagai eragilea dago, gure jarrera, eta hori interakziora garamatzan subjektuak determinatzen du. Hau da, gure anaiari metrorako euro bat eta ehun utziko genizkiokeen bitartean, guk, balio moral eta izaera bereko pertsonok, ez ikusiarena egingo diogu gure ezaguna ez den beste inoren anaiari.
Gure ontasunaren muga non kokatzen dugun gizarte modura, horri deitzen diot gizarte orubea. Eta soilik esparru hori zabalduta lor liteke pertsonak bitarteko izatetik helburu izatera eroango dituen gizarte eredua. Hain justu, beldurragatik, egiten gabiltzanaren aurkakoa.