GARA > Idatzia > Euskal Herria

Emilie Martinek uko egin dio Auzitegi Nazional espainolean aurkezteari

Herriraren aurkako polizia operazioaren harira deitu zuten Emilie Martin Auzitegi Nazional espainolean deklaratzera. Alta, uko egin dio bertan aurkezteari, giza eskubideak urratzen dituen auzitegia dela-eta.
p011_f03.jpg

GARA | BAIONA

Emilie Martinek, Ipar Euskal Herriko Herrira mugimenduaren bozeramaileak, Auzitegi Nazional espainolean aurkeztu behar zuen atzo, 10.00etan, inputatu gisa, pasa den irailaren 30ean aurrez aipatu mugimenduaren aurka egindako polizia operazioaren harira. Alta, uko egin zion bertaratzeari, auzitegi horrek giza eskubideak «urratzen» dituela iritzita. Hala adierazi zion AFP albiste agentziari, honek jarraian albistea publiko egin zezan.

Aurrez aipatu moduan, Herriraren aurkako sarekadaren harira deitu zuen Martin Eloy Velasco epaileak, bere aurrean deklaratu zezan. «Erakunde terroristako kide izatea, berau finantzatzea eta terrorismoari gorazarre egitea» egozten diote. Bere erabakiak izan ditzakeen ondorioez oso kontziente dela gaineratu zuen. «Ni ez bertaratzeak euroagindu baten berehalako igorpena ekarriko du, eta Frantziak erabaki beharko du aplikatzen duen ala ez», azpimarratu zuen. Ildo horretan, ahizparen, Aurore Martinen, aurrekariaz ere hitz egin zuen, zeina pasa den urteko azaroaren 1ean atxilotu eta Espainiaratu zuten, alderdi eta eragile sozial ugariren protesten artean.

Era berean, PSko kideen aurka ere egin zuen Martinek. Hain zuzen, iazko azaroan Baionan presoen eskubideen alde egindako manifestazioan aipatu alderdiko hainbat militante izan zirela gogorarazi zuen, eta horren harira, gogor salatu zuen frantses Gobernua espainiarraren politika errepresiboari jarraipena ematen ibiltzea. «Nola ulertu hautetsi sozialisten presentzia 2012ko azaroko Baionako manifestazioan, eta aldi berean, PS bereko gobernuak Parisen Espainiaren politika errepresiboari jarraitzea?», egin zuen galdera.

Mintegiagak deklaratzeari uko

Martinekin batera Jon Mintegiaga ere deklaratzera deitua zuen Eloy Velascok, akusazio berberen pean. Berau agertu egin zen Auzitegi Nazionalera, baina uko egin zion epailearen aurrean deklaratzeari. Bertatik bertara bizi izan zuen Mintegiagak Herrirako kideen aurkako polizia operazioa, mugimenduak Hernanin duen egoitza nagusian aurkitzen baitzen atxiloketen unean.

Mobilizatzeko deia

«Giza eskubideen errespetuaz kezkatzen diren eta Euskal Herrian abiatu den bake prozesua aitzina joan dadin nahi duten gizon eta emazte guztiak» deitzen ditu mobilizatzera Ipar Euskal Herriko Herrirak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo