GARA > Idatzia > Euskal Herria

Preso eta iheslarien aldeko konpromiso txikiak hartzera deitu du Ernaik gazteria

p011_f01.jpg

Aimar ETXEBERRIA | DONOSTIA

Euskal preso eta iheslarien aldeko konpromisoan eta praktikan oinarrituko den dinamika aurkeztu zuen atzo Ernai gazte antolakundeak, hauek gatazkaren konponbidearen bidean «ezinbesteko agente» direla iritzita. Hala, «Denak ala inor ez» dinamikaren berri eman zuten prentsaren aurrean.

Egungo egoera politikoari erreparatuz gero, «ezinbestekoa» iruditzen zaio gazte antolakundeari, Aitor Anda bozeramailearen esanetan, euskal gazteria ere preso eta iheslarien egoeraren aurrean «altxatu eta borrokari ekitea». Estatu espainol eta frantsesak konponbidea oztopatzen jarraitzen dutela azpimarratu zuen, «atxiloketak, torturapeko deklarazioetan oinarritutako zigorrak, epaiketak, salbuespen espetxe politikak, iheslarien aurkako euroaginduak...» adibide gisa jarriz.

Hala, dinamika euskal gazteria osora zabaldu nahi duten tresna dela azaldu zuen Andak, «herriz herri garatzekoa eta formatu ezberdinak barnebiltzen dituena». Ildo horretan, kaleak praktikaz bete nahi dituztela gaineratu zuen, «presoen borrokak kaleratuz, gure aldarriak ezagutaraziz, iheslarien egoeraren berri emanez...».

Era berean, gazteria konpromiso txikiak hartzera gonbidatu zuen. Egin daitekeen gauzetariko bat preso eta iheslarien senideei bidaietan laguntzea izan daitekeela esan zuen, edo gutunak idatzi eta bisitak egitera animatzea, edota aldarriz jositako kamisetak, banderolak, pinak eta abar eramatea.

Andak nabarmendu zuenez, hamaika modu daude norberak bere ekarpena egiteko, «garrantzitsuena, ordea, ekarpen hori egin gabe ez geratzea da», gaineratu zuen.

Hurrengo urratsa asmo eta helburu guzti hauek herrietako errealitatera egokitu eta borrokara batzea dela adierazi zuen, «guztion artean, tantaz tanta, preso eta iheslariak etxera ekarri arte».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo