Tunelaren amaierako argia eta jendarteko egia
Krisiaren tunelaren amaieran argia ikusten omen da. Hala esaten dute azkenaldian administrazioetako arduradunek. Baina tunelaren azken zuzenak gainontzeko ibilbidea baino luzeagoa dirudi. Izan ere, ekonomiaren gainbehera moteltzen hasi dela entzuten den aldi berean, beste datu batzuek, neurgarriak, besterik esaten dute: herritar gehienen ekonomia okerrera doala. Egoera joan den urtekoa baino larriagoa da, eta joan den hilekoa baino larriagoa. Atzo jakinarazi zutenez, Hego Euskal Herrian iazko urrian baino 10.000 langabe gehiago daude, eta joan den hilean baino 2.300 gehiago. Datu interpretagarriak dira, bai, baina interpretazio txarrerako tartea baino ematen ez dutenak. Langabe gehiago izateaz gainera, langabe horiek gero eta babesgabeago daude; gero eta gehiagok, dagoeneko erdiak baino gehiagok, ez baitute inolako diru laguntzarik jasotzen. Murrizketa politikak eta lan erreformak, indarrean jarri zituzten une beretik zenbaitek ohartarazi zuten bezala, bilatzen omen zutenaren alderantzizko eragina izan dute, eta langabeziaren datuek berretsi egiten dute hiletik hilera. Zoritxarrez, ez da hori eragin kaltegarri bakarra, sortzen diren enpleguen lan baldintza eskasak ere erreforma horiek berekin zekarten eskubide gabetzearen ondorio baitira. Eta horiek jasaten dituztenak nekez itsutuko dituzte tunelaren amaierako argiarekin.