GARA > Idatzia > Kultura

Gaizka Sarasolak idatzitako «Urak ttiki dire» estreinatuko du Gilkitxarok bere 20. urteurrenean

Gilkitxaro antzerki taldeak «Urak ttiki dire» estreinatuko du ostiral honetan Bilboko Pabiloi 6en. Gaizka Sarasolak «lesakar batuan» idatzitako testua taularatuko dute Ane Zabala eta Galder Perez bilbotarrek.

p048_f01.jpg

Ane ARRUTI | DONOSTIA

Gaizka Sarasola lesakarrak idatzitako testua bere horretan errespetatu nahi izan dute Ane Zabalak eta Galder Perezek eta denbora luzez nafarrera praktikatzen aritu ondoren, asteburu honetan estreinatuko dute «Urak ttiki dire». «Lesakar batuan idatzi du Gaizkak eta guretzako nahiko arrotza izan da. Mantendu nahi izan dugu berak idatzi duen moduan. Horregatik testu lana berarekin egin dugu. Antzezlan osoa, doinua harrapatzeko, grabatuta bidali digu. Ez dakit nola egingo dugun baina saiatu gara», aitortu zion GARAri Ane Zabalak.

Gilkitxaro antzerki taldeak hogei urte betetzen dituela aprobetxatuz, Bilbon estreinatuko dute lana ostiral honetan Pabiloi 6en eta larunbatean bigarren emanaldi bat egingo dute, 20.00etan hasita bietan. Bilbon bertan jendearekin egindako entsegu batean publikoari «sinesgarri» egin zitzaiola esan zuen Zabalak. Datozen emanaldiak Errenterian (azaroak 24) eta Lesakan (abenduak 14) dituzte momentuz, eta «hor ikusiko da benetan...», esan zuen aktoreak umorez.

Lehenengo aldia da Zabalak eta Perezek eurek idatzi ez duten testu bat taularatzen dutena. Aurretik «Honolulu, leku bat» edo «8 begi» antzezlanak sortu dituzte eta «Mirande kabareta» lanean ere aritu ziren. Sarasolaren testua jaso zutenetik, bi urtez aritu dira prestaketa lanetan. Euskalkiaz gain, Gilkitxaroren orain arteko lanekin alderatuz badituelako ezberdintasunak. «Azkenean gure erregistrotik pixka bat urrun gelditzen zitzaigun testua. Nik esango nuke hau drama surrealista absurdo bat dela eta gu komedian ibili gara gehiago. Kostatu egin zaigu».

Willi eta Ilargi pertsonaien istorioa kontatzen du «Urak ttiki dire» antzezlanak. Basoan kokatuta dago, naturan. «Ilargiren txoko bat da hori, askotan joaten da bere etxetik urruntzeko edo deskonektatzeko asmoz. Bat-batean Willi agertzen da. Oso misteriotsua eta xelebrea da Ilargirentzat, ez dute elkar ezagutzen eta antzezlanean zehar erlazio bat sortuko da».

Ikuslea Willik daukan «eginbehar suntsitzaile ikaragarri garrantzitsua» ezagutuz joango da antzezlanak aurrera egin ahala.

Testua oso poetikoa dela aurreratu zuen Zabalak; «mila modutara montatu zitekeen antzezlan hau. Guk hautatutako bidean, eszenografia ez da apenas existitzen eta oso sinbolikoa da dena, iradoki egiten ditugu gauzak. Nahiko kontzeptuala egin dugu».

Ostiraleko emanaldiaren ondoren, Izaki Gardenaken kontzertu akustikoa egongo da eta larunbatean, Leire Ucharen «Zer duzu, Amy?» bakarrizketa.

ESTREINALDIA

Pabiloi 6en izango dira bi emanaldiak, 20.00etan hasita. Ostiralean Izaki Gardenak-en kontzertua izango da ondoren eta larunbatean, Leire Ucharen «Zer duzu, Amy?» bakarrizketa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo