GARA > Idatzia > Kultura

Antzerkizale zirkuitua Usurbilen, Añorgan eta Lasarten egingo da aurten

GARA | DONOSTIA

Datozen egunetan euskaraz sortutako antzerkia zabaldu asmoz, Antzerkizale Zirkuitua ospatuko da beste urte batez. Iazko esperientziarekin izandako arrakasta ikusita, berriro ere formatu berdina errepikatu nahi izan du Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak (EHAZE). Aurtengoan ordea, Usurbilen, Añorgan eta Lasarte-Orian egingo dira emanaldiak.

Egitaraua gaur egun aktiboan dabiltzan talde edota aktoreekin osatu dute. EHAZEtik azaldu dutenez, «zirkuituak herri desberdinetako programazioa osatzea du helburu. Beharrezkoa dugu euskaraz sortutako antzerkia sustatzea, eta konpromiso horrekin doa datorren zirkuitu hau».

Lehenengo emanaldia ostiral honetan izango da, Usurbilgo Sutegi antzokian. Patxi Santamariaren «Aktibo toxikoa» ikusteko parada egongo da, 20.00etatik aurrera.

Azaroaren 15ean izango da bigarren emanaldia, Añorgako Antxon Ayestaran kultur etxean, 20.30ean. Alde batetik, Miren Gaztañagaren «Stereo» antzezlana aurkeztuko dute, eta ondoren Saioa Royoren «Arroxalik ere amets egiten du» pieza laburra eskainiko du Aixaixa taldeak.

Bukatzeko, abenduaren 13an, Abarka taldearen «Biba zorrien izurritea» antzeztuko dute 22.00etan Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean.

Emanaldietako prezioa beti berdina izango da, 5 eurokoa. EHAZE eta tokian tokiko antzerki elkarteetako bazkideentzat 3 eurokoa izango da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo