Garbiñe Ubeda, gerraren egunerokoaz aitonari galdezka
Garbiñe Ubedaren lehenengo fikzio liburua da «Hobe isilik», gerra garaiko «kosta ahala kostako biziraupenaren aldarria». Protagonista inoiz ezagutu gabeko bere aitona miliziano anarkista desagertuaren bila abiatuko da, familiaren historia berreraikitzen duen bitartean.
Ane ARRUTI | DONOSTIA
Etxean sortu zaio kezka Garbiñe Ubedari (Tolosa, 1967). Bere aitona Jose Ubeda, 36ko gerran CNTko milizianoa izan zen, presoentzako kontzentrazio esparru batean eduki zuten beranduago eta 1945 aldera, bere arrastoa galdu zen. Anai-arrebei bere gurasoengatik iritsi zaien min hori fikzio moduan azaleratu zaio orain, «Hobe isilik» (Elkar) nobelarekin -Bide Ertzeaneko bere anaiei musikaren bidez atera zitzaien moduan-. Eta gerrako fronte, tiro edo balentriatan baino, nahiago izan du biziraupenean pausatu.
«Gerrak ere badu egunerokotasuna, badu eguneroko errutina, babarrunak eltzetik atera beharra, maitatzeko premia, edo seme-alabak aurrera atera beharra. Gerra garaiko egunerokotasunean biziraupena da funtsa, ahal bada zutik hil beharra ez izatea, belauniko bada ere bizitzea, bizitzarik gabe ez dagoelako ezer, bizitza baldin badago esperantza ere badagoelako», esan zuen.
Ondarroako Udalak eta Elkarrek emandako Agustin Zubikarai bekaren laguntzarekin idatzi du liburua Ubeda kazetariak, fikziozko lehenengoa. «Heldu den iragana» proiektuarekin eskuratu zuen beka duela urtebete, «gaurko egunera ezustean heldu den iragana, iragan horrek daukan pisua eta horren gaineko gogoeta bat» delako, baina liburua idatzi ondoren «Hobe isilik» jartzea hobetsi zuen. «Arakatu behar horretan luparen efektu engainariarekin egingo dugu topo. Lenteaz irudia edo bilatu nahi dugun hori zenbat eta gehiago handitu, orduan eta doiago ikusiko dugu fokatu nahi dugun puntu hori, baina orduan eta lausoagoa bihurtuko da ingurua. (...) eta epaitu egingo dugu gure gaurko begiekin.(...) Baina halako batean, lupa urrundu egin beharko dugu berriro, xehetasun fokatu horiek apur bat lausotu egin beharko ditugu berriro ere, ingurua ager dadin ikuspegi horretan. Testuingurua delako hain zuzen, hain doi eta zehatz ikusi nahi izan dugun puntu horren azalpen nagusia, neurri handi batean gure epai guztiak baldintzatu beharko lituzkeena, alegia, gerra bere gordinean», azaldu zuen.
Eta hortik izenburuko isiltzearena. «Bilatze horretan oso gauza sinesgaitzak ateratzen dira eta batzuetan erabakitzen duzu oso xehe ikusi duzun hori isiltzea. Baina ez berau isiltzeagatik, baizik kontestu osoari eman behar zaiolako garrantzia azkenean. Gerra delako, eta gerra horretan gerta litekeelako edozer, eta gutxien espero dugunak egina».
Protagonistak, Bakartxok, asko du Ubedarengandik, Jose Bermejo aitonak ere bai Jose Ubedarengandik, baina antza baino ez. «Batzuetan norberaren historia zama da», esan zuen Ubedak eta horregatik, liburuko pasarte asko asmatuak dira guztiz. Bakartxok, gaur egundik, gutunak idazten dizkio aitonari, gauzak argitzen joan ahala, hausnarketak luzatuko dizkio eta hainbatetan baita gauzak aurpegiratu ere.