Hollandek Hizkuntza Gutxituen Ituna berretsiko zuela hitzeman zuenean, ez zuen legearen berri?
Estatu frantsesak ez du berretsiko Europako Hizkuntza Gutxituen Ituna. Eta Kultura eta Komunikazio ministro Aurelie Filippettik eman azalpenaren arabera, iduri luke gogoz kontra uko egin diola berriro berresteari, ministroak erran baitzuen ezin dela, ez dela posible Konstituzioko 1. eta 2. artikuluekin kontraesanik sortu gabe. Berriro Konstituzioa oztopo, legeak zertarako, norendako eginak diren -edo eginak izan beharko luketen- ahantzirik. Legeak ez baitira herritarren bizitza haien arabera antolatzeko; aitzitik baizik, herritarren zerbitzuko tresnak baitira. Eta iduri luke, halaber, berriki ohartu direla Itun hori berresteak Konstituzioko 1. eta 2. artikuluekin talka eginen lukeela; hots, François Hollande presidenteak Ituna berretsiko zutela hitzeman zuenean ez zutela Konstituzioko artikulu horien berri. Hollanderen promesa ez da aspaldi handian egina, baina kontuan izanik hauteskunde kanpainan egin zuela, ez da azalpen handirik behar. Alta, euskararen aitorpenik tipiena ere ukaturik, hezkuntzan baztertu eta jazarririk ere, euskara eta bertze hizkuntza gutxituen egoera bere Gobernuaren kezka direla erran zuen Filippettik. Hala ez balitz, zer eginen lukete, zuzenki debekatu?