GARA > Idatzia > Euskal Herria

Senideek kezkaz ikusten dute Sevillako euskal presoen borrokaldia

Hamabigarren eguna dute gose greban Sevillako espetxeko euskal presoek. Bertako funtzionarioen inpunitate egoera salatu dute senideek, eta ohartarazi dute egoera bera jasaten dutela beste euskal preso askok.

GARA | DONOSTIA

Hamabi egun daramatzate gose greban Sevillako espetxean diren Iker Agirre, Gurutz Agirresarobe, Koldo Aparicio, Asier Arzalluz, Juan Mari Etxebarri, Garikoitz Etxeberria, Jesus Goikoetxea, Manuel Gonzalez, Juan Lorenzo Lasa Mitxelena, Roberto Lebrero eta Urtzi Paul presoek. Beste bik -Javi Agirre eta Iñaki Arakama- ez dute baraurik egin arrazoi desberdinak tarteko, eta itxialdian daude.

Egoeraren larritasunaz ohartuta, kezka agertu zuten atzo senideek Infozazpi Irratian eginiko elkarrizketa batean -Naiz.info atariak jasoa-. Zehazki Goikoetxearen bikotekide Onintza Lopez de Munainek hitz egin zuen haien izenean. Gose grebaren eraginez apurka-apurka ahuldadea nabaritzen hasiak direla esan zuen. Gose greban dauden zenbait presok dagoeneko bost kilo galdu dituzte. Halere, aldi berean «indartsu» daudela nabarmendu zuen.

Borrokaldiaren helburua Sevillako espetxean dituzten bizi baldintzak hobetzea da. Hala nola bakartze egoerak, miaketak, mediku zerbitzu bermatu gabea eta tratu txarrak dira salatzen dituzten egoeretako zenbait.

Senideek argi dute, ordea, presondegiko eguneroko bizitzan ez dela posible halako egoera bat aurrera eramatea ez badago inor hau guztia babesten duena. Beraien iritziz, kasu honetan, «espetxeko segurtasun zuzendariordearen babesa» dute funtzionarioek.

Lopez de Munainek ohartarazi zuen, bestalde, senideek denbora daramatela beraien egoeraz arduratuta, eta egun, arduraz gain, amorrua ere sentitzen dutela nabarmendu zuen, jasan behar dituzten bizi baldintza kaskarrak direla-eta.

Preso politikoek abiatutako borrokaldiak, ordea, babesa jaso du espetxe barruan. Izan ere, kartzela berean diren zenbait preso sozialek ere bat egin dute gose grebarekin.

Bateratze horrek, Jesus Goikoetxearen bikotekideak esan zuenez, Espetxeetako Zaintza epailearen bisita ekarri du. «Espetxeetako Zaintzako epailea doa gaur [atzo] Sevillara. Uste dugu preso sozialak ere borrokan sartu izanak eragin duela bere etorrera», azaldu zuen.

Borrokaldiaren hasieran Etxerat elkarteak jakitera eman zuenez, «Sevillako espetxean aspalditik bizi dute tentsio egoera gogor bat». Muturreko bizi baldintzak jasaten dituztela ohartarazi zuen: «Beti isolamenduko moduluan izaten dituzte; ez diete inolako aktibitaterik egiten uzten; patiora irteterakoan metal detektagailutik igaroarazteaz gain, ukimenezko miaketa egiten diete eta tentsio une handiak bizi dituzte».

Oraingoz, emaitzarik ez dute lortu espetxeko zuzendaritzarekin egindako bileretan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo