Xabier Silveira Bertsolaria
«Etzaizute damutuko!»
Saioari laudorio eta miresmenetan oinarritutako laztan erotiko bat eman niezaioke, baina hitz bat aski da: «Earra!»
Sevillako kartzelan euskal preso politikoek hasitako borrokaldiak arduraturik nauka. Baina ez da ardura soila. Hamaika egun hauetan gose greban diren euskal hiritarrek jaso duten babes nabarmenena, OACA atari libertarioak jakitera eman duenez, beraien kartzelakide direnen eskutik jaso dute; urdailetik, zehatzago esatearren, hauek ere gose greban hasi baitira arrazoi berberek bultzaturik. Horregatik diot, ez da ardura soila, etsiaren eta mala ostiaren arteko zerbait baizik. Baina lasai, gaur ez gara-eta haserretuko. Azken joera berau dudanez, bakearen gatazkaren inguruan idazteko indar edo gogo faltan nagoenetan bezala, gaur ere bertsolaritzaz ariko gara.
Ez dira bertsolariak umorerako txarrak. Maiz erran izan dut Alkain eta bere ekipoa salbu bertsolariak direla euskal umoregile nabarmenenak. Egin kontu! (Hori broma bat da, bai? Euskalduna zarenez ba... badaezpada). Ez da algararen lurralderik lagunena gure hau, erran bezala, nork bere buruari irri egiten jakin ez eta ezpainetako giharrak bizilaguna larrutuz lantzen dituen hau. Wazemank! izan zen muga psikologiko-erlijioso asko hautsi zituena, eta eskerrak! Ordura arte, euskaraz jendaurrean egiten zen umorea bertsotan egiten zen, eta derrigor mugarri izango zen Lazkao Txikik «Ispiluari» botatako hiru bertsotako obra paregabea. Euskaraz absurdoan estreinakoz, Joxemiel! Geroztik, aurretik bezalaxe, bertsolari guztiek egin behar izan dute umorea plazan. Edo saiatu behintzat. Mila gairen bueltan eta milaka ofizio desberdinen kontura, hogei bat bertsolari astean pare bat egunez, urteetan zehar, auskalo zer ote diren entzun ez direnak!
Ez dut ordea erreferentzia gehiegirik bere buruari irri eginez norbaitek botatakoaz. Orain, boteprontoan, Laxarte-k komunean eserita boteak, besterik ez. Egongo ziren, espero dut, baina ez da ohikoena. Bertsolariari irri erraz egiten dio bertsolariak, baina ez bertsolaritzari. Eta badu bai, nondik heldua honek ere. Bertsolaritzak bere osotasunean: Bertsozale Elkartea buru, elitea atzetik, elite nahi baina alternatibo behar-ak gero, elite alternatiboa, txapelketak, sariketak, munduko inprobisatzaileekin izan- dako hartu-emanak, bertsolari musikariak, bertsolari idazleak, epaileak, gai-jartzaileak, publikoa, txapelketako publikoa, BEC, BECeko publikoa...
Aunitzetan pentsatu dut, hauek bai euskarazko «Muchachada Nui» tematiko bat egiteko osagaiak! Eta hara non, hain arraroa ez naizen seinale, Ander Lizarralde, Unai Gaztelumendi, Mirari Martiarena eta Arnaitz Lasartek «Damutuko Zaizute» web-saioa sortu dute. Bertsolari frustratuaren ametralladoratik Inuzentientzako metaforak ehizatuz, gure azpimundu honetan ere garaia baitzen esateko, denak gara Estandarte! Saioari laudorio eta miresmenetan oinarritutako laztan erotiko bat eman niezaioke, baina hitz bat aski da: Earra!
Suposatzen dut norbere poza adieraztea besteen pena ez errespetatzearekin nahasten dugun mundillo honetan, bati baino gehiagori grazia putarik ere ez diola egingo, baina tira. Sevillan gose greban eta gu zertan gabiltzan jakinik badira haserrerako esparru egokiagoak. Zuek zuenera gaztiak, eman egurra irriz. Etzaizute damutuko!