Aizkora Apustua
Auzotarren artean onenak zeintzuk diren erabakiko da
Zaldua eta Dorronsoro Berasategiren eta Esnaolaren aurka neurtuko dira gaur Zegamako pilotalekuan.
Jon LEUNDA
Xabier Zaldua eta Xabier Dorronsoro Joxemari Esnaolaren eta Imanol Berasategiren aurka neurtuko dira gaur 20.00etan Zegamako pilotalekuan. Bikote bakoitzak hamalau 60 ontzako erdibitu beharko ditu. Enborrak erdibana plazaratu beharko dituzte, eta alde bakoitzak 2.000 euro jokatzen ditu dirutan
Lau aizkolarietan ezagunena Zaldua da, bera baita lauretan mailarik gorenean dabilen aizkolaria. Aurten ere Bigarren Mailako Euskal Herriko Txapelketako finalean izan da. Apustuak ere dezente egin ditu. Erasun, Otaegi, Olasagasti edo Irazu izan ditu, besteak beste, aurkariak, eta hemendik hilabete eta erdirako beste apustu bat ere badauka jokatzeko, eta orduan Arria V.a izango du aurrez aurre. Berarekin arituko den Dorronsoro ez da horren ezaguna, baina aspaldian ari da aizkoran.
Euskal Herriko Hirugarren Mailako final ugaritan izan da, baita Gipuzkoako Bigarren Mailakoetan ere. Adituen ustez irabazteko faboritoak ere beraiek izango dira, baina hori gaur plazan erakutsi beharko dute.
Beste aldean ere ezaguna da Joxemari Esnaola. Zegamakoak urte asko daramatza aizkora munduan, eta Euskal Herriko Hirugarren Mailako hainbat txapelketatan aritu da, baita Gipuzkoako Bigarren Mailakoetan ere. Australiar eran egurra mozten ere trebea den aizkolaria da goierritarra. Lauretan ezezagunik bada, hori Imanol Berasategi da. Lehen aldiz arituko baita ofizialki, nahiz eta erakustaldietan aritzen den.
Itxura ona
Ezagutzen dutenek diotenez, aizkora mundua serio hartuko balu, goi mailan ibiliko omen litzateke. Desafioa ere berak botatakoa da, eta hori ere kontuan hartu beharko da, ongi dagoen seinalea izango baita.
Nahiz eta txanda librean arituko diren, lan luzea egin beharko dute, eta hor iraupena ere garrantzitsua izango da. Lau aizkolarietatik hiru goierritarrak dira, eta laugarrena, Zaldua, Zumarragakoa, hura ere gertukoa. Horrek ikusmin handia eragin du. Eguna eta ordua agian ez dira aproposenak izango, baina Zegamako inguruetan sekulako ikusmina dago, eta gaur jendetza handia izango da apustua ikusteko gogoarekin.
Aurten jadanik lau apustu jokatu dira, eta gaurkoarekin beste bi geratzen dira jokatzeko. Erdietan arituko da Xabier Zaldua. Urtearen hasieran galdu egin zuen Irazurekin Tolosan, eta gaur Zegaman jokatuko du. Abenduaren amaieran Arriaren aurka arituko da Tolosan. Beste hirurek, berriz, beraien lehen apustu ofiziala jokatuko dute, eta gazte hasiberriak ez diren arren, nerbioek ere zerikusia izan dezakete.