GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal |  Dokumentuak
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-04-17
Titika REKALT | Oiherkoren Trajeria pastoralaren idazlea
«Pastorala egiteko orduan nahiago izan dut fikziozko istorioa idatzi»
Oiherkoren Trajeria izeneko pastoral garaikidea aurkeztuko dute Hebendik kultur sarea osatzen duten elkarteek eta kideek. Datorren uztailaren 11n izango da Ahuski mendian. Lehen emanaldi horren ondotik, ikuskizuna Lesakan eta Iztaran azaltzekotan dira. Ahuxkin eginen duten emanaldia gauez izango da, eta, elektrizitateak jarri ordez, sugarrak baliatuko dituzte.

Titika Rekaltek Xiberoko Botza irratian lan egiten du, eta Suak izeneko elkarteko kide ere bada. Azken urteotan Zuberoan dagoen sorkuntzaren kultur dinamikan sartu da. OiherkorenTrajeria lehenengo idazlana du. Bere esanetan, obra barnean zuen zerbait adierazteko idatzi du.

­Zure lehen idazlana duzu pastoral hori, zerk bultzatu zaitu zerbaiten idaztera?

Idatzi hori egiteko ideia aspaldi izan nuen. Parisen pasa ditut hamar urte. Zuberotik alde egin nuen beste zerbait ikusi nahi nuelako. Baina, itzuli nintzen herri-mina nuelako, eta itzuliz herri honetan berriro sartu behar izan nuen, eta hortik bururatu zitzaidan fikzio bat idazteko gogoa. Euskal Herrian errotua den pertsonaia da aipatzen. Ikusgarri egiteko orduan pastoralaren formatua aukeratu dut berez herri antzerkia delako, eta, horrek esan nahi du beti idatzia dela zerbaiten adierazteko. Antzerki mota horretan bermatu naiz, eta fikzio baten bidez barnean nituen gauzak adierazi nahi izan ditut. Bertan, gaurko gizarteari begirada bat ematen diot. Barnean nuen hutsune bat betetzeko idatzi dut pastoral hori. Istorioa ez da baitezpada XXI. mendean kokatzen, baina, gaurko gizarteari egokituak diren gertakariak aipatzen ditu.

­Oiherkoren Trajeria pastoralaren formatua landu duzue...

Ohiko pastoraletan beti bi alderdi daude: giristinoak eta turkoak. Bi populu ezberdin aipagai dira Oiherkoren Trajerian. Alde batetik, alaiztarrak daude. Horiek nekazaritzaz bizi dira nagusiki, eta beren bizimodua naturari oso lotua dago. Ez da gizarte garatua. Populu xume, menditar eta artzaina da. Bestalde, barrankesak ditugu. Horiek gizarte garatu batean bizi dira. Kolonialistak, konkistatzaileak eta komertzioan bermatzen dute beren ekonomia, eta armada daukate. Oiherkoren Trajeriaren istorioa bi populu horien artean kokatzen da. Taula zuzendaritzari dagokionez, pastoralaren arketipoetatik urruntzea pentsatu dugu. Baina, zaila da arlo horretan zerbait berria egitea.

­Zer da EuskalHerri amestu baten miresmena?

Gizarte xumetik ateratzen den pertsonaia nagusi bat dago, Oiherko deitzen dena. Berak errege izatea amesten du, eta bere xede nagusien artean gizartea garatzea dago. Baina, errege izateko orduan sobera gazte dela erraten diote. Gaizki hartzen du, eta bere adiskideak hiltzen ditu. Hori eginda, zaila zaio berriz herrira itzultzea, eta mugara hurbiltzen da. Preso eramaten dute barrankesek. Gauza da herrialde garatuak arazo sozialak bizi dituela. Arazo horiei aurre egiteko eta jendeen kexak isilarazteko erasoak prestatzen ari zaizkiela sinestaraztea erabakitzen dute. Manipulazio testuinguru horretan dute atxilotu Oiherko, eta espioitzat hartzen dute. Ohierkok bera ez hiltzeko esaten die, eta bere herriko anai eta arreben aurka gudua egitea proposatzen die. Bere herrialdearen aurka gerla eramanez errege bilakatuko dela uste du. Baina, gauzak ez zaizkio uste bezala ateratzen... EuskalHerri honetan anitz politiko prest daude boterearen hartzearren beren arima saltzeko. Nolabait boterearen alegoria bat da ikusgarri. Norbere baita saltzen duena beti galtzaile geratzen dela adierazten du.

­Aipatzen zenuen pastoralaren arketipoetatik urruntzen saiatu zaretela. Berrikuntza beharra sentitzen duzue?

Pastoralak berak bizi publikoa badu. EuskalHerrian herri transmisiotik datozen antzerki mota anitz daude: Toberak, Maskaradak... Baina, herri kultura horiek berpiztu nahi badira iturri zahar horiek berriz freskatu behar dira, horiek beren aldetik noizbait berrituak izan baitira ere. Bertsolaritza, eman dezagun, berpizten ari da gaur egun. Ez bada hala egiten praktika herrikoi horiekin folklorismo hutsean erortzearen arriskua dago.

­Duela urte bat sortu den Hebendik kultur sarearekin landu duzue Pastorala hori...

Bai, bertan Suak,Abotiak, Uztaro bezalako elkarteak, eta baita Zuberoako herritarrek parte hartzen dute. Orotara 30 bat mutil eta neska gaude. Gure xedea jendeen artean harreman bat sortzea da. Gehienak ez genuen elkar ezagutzen, eta askok ez dute sekulan parte hartu kultur emanaldi batean. gainera ez dira guztiak euskaradunak. Pastorala izan aurretik lan berezi bat egina izan da guztiekin. Maixurik gabe lanean ari gara. Guhauk bilatzen ditugu dantzen urratsak eta melodiak. Benetako talde lana da. Testuaren mamiaren arabera melodia eta erritmoak atzematen saiatzen gara. Musikalitatea ez du abestiak ematen. Hizkuntzaren doinuen arabera musika aurkitzen saiatzen gara.

­Duela urte pare bat Pastorala honetan ari zaretenekin Matalaz ikusgarria muntatu zenuten. Oiharkoren trajeria garai horretan sortu zen dinamikari jarraitzen dio?

Ahalak bagenitu usuago eginen genituzke horrelako ikusgarriak. Pastorala Matalaz ikusgarriaren ildo berean kokatzen da bai. Filosofia hau da: ikusgarri baten bidez gu formatzeko aitzaki bat hartzea. Oiharkoren Trajeria lantzeko aurrekontu txikia dugu. Gauez eta mendian eginen dugunez, ez dugu ez elektrizitaterik, ez fokorik, ez eta bozgorailurik ere baliatuko. Horrela eginez lehenago egiten ziren pastoraletara hurbiltzen gara. Sugarrak baliatuko ditugu ikusgarria argitzeko, horrek mundu berezia sortuko du.

­Berriz idazteko asmoa duzu?

Nire xede nagusia sor munduaren barne egoten jarraitzea da, beharrezkoa baitut. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Euskal Herria debe seguir avanzando
Euskal Herria
Euskal herritarren eskubideen aldeko konpromisoa berretsi du Udalbiltzak
Ekonomia
«Nosotros abogamos por la la lucha; es el camino más difícil, pero el único eficaz»
Kirolak
Osasuna, antídoto del «jogo» bonito
Kirolak
El Athletic se vuelve a meter en problemas pese a ser superior
Euskal Herria
La defensa de Euskal Herria como nación marca el Aberri Eguna
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea