GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal |  Dokumentuak
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-04-30
Xole ARAMENDI
Eskuek gidatutako bidaia bitxia
Artisauek eskuak dituzte lanabes, eta irudimena, ilusioa eta lana lagun, eta bisitarioi magiaz betetako bidaia proposatzen digute. XVI. mendeko baleuntzi batean urruneko itsasoetara joango gara, ipuin harrigarriak irakurriko ditugu eta hormak benetakoak ez diren paisaiazoragarriz janzten ikusiko ditugu. Ilusioaren Artea da.

Oreretako Eskulangintza Azokan tradizioa eta etorkizuna eskutik helduta doaz. Udal Merkatu zaharrean euren produktuak erakusten ari diren 50 artisauek mendeetan zehar bizirik egon diren langintzak dituzte ogibide, gaur egungo espresiobideetara egokituak. Denetarik aurki daiteke, tamaina eta prezio guztietako produktuak, baina guztiek dute eskuz egindako lanek duten berotasun eta berezitasuna, hara hurbiltzen diren bisitariek ondo apreziatzen dakitena.

Victor Goikoetxea errealitatea eta irudimenaren mugan ari da etengabe, eta bere saltokira doana jolas horretan sartzera gonbidatzen du. 30 urte bete arte obratako pintorea zen hernaniarra, baina duela hamar, egun batez, dena utzi eta Pariserako bidea hartu zuen, trampantojo edo trompe l’oeil deritzon teknika ikastera. Mural handietarako dekorazio-pintura da, zura, marmola eta antzeko materialak imitatzen dituena.

«Eskala errealean landutako pintura figuratiboa da ­azaldu du­. Espazio sentsazioa lortzea da kontua, errealitate faltsua sortuta. Proiektu guztiak originalak dira eta era guztietako enkarguak hartzen ditut. Gogor egin dut lan teknika menperatu ahal izateko, nahiz eta gero irudimena garrantzitsua den. Orain Bartzelonako fatxada handi batean ari naiz lanean, baita Galizia eta Iruñeako bi etxe partikularretan ere. Ataungo elizako horma-irudiak ere berritzen ari naiz», esan du.

Gure artean ezezaguna da hernaniarrak lantzen duen teknika, ez aldiz, estatu frantsesean. «Han tradizio handia du», esan du. Parisen ikasi ostean Italia aldera jo zuen eta orain pozik dago hartutako bideez. «Gogorra izan da, baina abentura ondo atera zait, orain honetatik bizi naiz-eta», gaineratu du.

«Arte galerietan baino nahiago dut gisa honetako azoketan ibili», esan du. Atzo behintzat bat baino gehiago aho zabalik utzi zuen haritz egurra margoaren bidez nola imitatzen zuen ikusita. Ilusioaren Artea izena du bere tailerrak, eta ederki islatzen du Oreretako azokan hiru egunez aurki daitekeena.

Ilusiorik ez zaie falta Xabier Agote eta bere lagunei. Datorren uztailean Kanadan ibiliko dira baleuntzi batean sartuta, eta egunotan haren berdina ikus daiteke azokan. “Butus” bale txalupa iaz egin zuten, XVI. mendean euskaldunek bale eta bakailu arrantzan erabiltzen zituzten ontzien erreplika.

Txaluparen barruan Kanadako espedizioan eramango dituzten ur-zahagiak, brontzeko ontziak, eta euritik babestuko dituzten ahuntz larruak ikus daitezke. Yoji txaluparen juntak kalapatatzen ari da pinu-galipotaz ez zikintzeko eskularruak jantzita. Alboan, Albaola elkarteko bi kide lihozko belei botoi-zuloak egiten ari zaizkie, eta Pilar eta Yumma oiartzuar ama-alabak XVI. mendeko balezaleen jantzien kopiak josten ikus daitezke.

Bitartean, Mikel Leoz txaluparen mastak ari da egiten, Artikutzako basozainek eskuratutako izeiekin. Suoker tailerreko Manuk espediziorako aingura egingo du, eta Blanca Olleriasek zeramikazko ontziak.

Harremanak

Agoteren ustez, ikusleari euren lana ezagutaraztea bezain garrantzitsua da artisauek elkarren berri izatea. «Gu duela hiru urte etorri ginen lehen aldiz azokara, eta orain gurekin elkarlanean ari diren hainbat artisau hemen ezagutu genituen», azaldu du.

Agotek Kanadako espedizioan soinean eramango duen alkandora Mia Rissanek egin du bere etxeko ehungailuan. Finlandiarrak hamabost urte daramatza Zestoan bizitzen eta hasieran beretzat ehunak egiten hasi bazen ere, pixkanaka azoketan sartzen joan da, eta gustura dabil bere lana han-hemen erakusten. «Nire lana erakutsi eta saltzera etortzen naiz. Batez ere helduak eta umeak begira geratzen dira, eta pedalen mugimenduak atentzioa ematen diete», esan du.

Igor Obeso da Hego Euskal Herrian beira puzten aritzen den bakarra eta atzo goizean ikusmin handia sortu zuen. «Karameloa dirudi!», esan zuen harrituta gizonezko batek beira zein biguna den ikustean.

Pareko saltokian Atxondotik etorritako Consuelo dago, portzelanazko panpinez inguratuta. «Bidoietan erosten dut portzelana eta moldeen bidez aurpegia eta gorputza landu eta ondoren arropa josten diet», esan du harro-harro. «61 urte ditut eta panpinekin jolasten dut, zer iruditzen zaizu?» galdetzen du irribarretsu.

Iruñeko Alicia Oses­ek ere ez du ilusio hori galdu, eta zeramika lantzeari utzi eta ipuinak idatzi, marraztu eta enkuadernatu egiten ditu.

Iaz 13.000 bisitari izan zituen azokak eta aurten ere antzeko kopurua espero dute Ereintza elkartekoek. Gaur eta bihar goizeko 11.00etatik 14.00etara eta 16.30etik 20.30era ikus daiteke azoka. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Montejurra, 30 de años de impunidad sobre la matanza con más testigos
Mundua
Prodi araña las dos presidencias del Parlamento y Berlusconi capitula al fin
Kirolak
Poco punto para tantas oportunidades
Kirolak
Biarritzek ez du Avironekin inongo gupidarik izan
Euskal Herria
«El foro multipartito se constituirá posiblemente después del verano»
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea